Sendotu dezagun gure gehiengoa #ZurekinGoaz #Landeia229

2018/08/03
ELAko hiru federazio profesionaletako arduradunak —Igor Eizagirre, Maricruz Elkoro eta Unai Martínez— ziur dira langileek berriz ere babes masiboa emango diotela gure sindikatuari hurrengo hauteskundeetan.

Unai Martínez, Industria eta Eraikuntzako idazkari nagusia

“Ez diogu mugarik jarri gure buruari”

Ilusioz beterik ageri zaigu Unai Martínez, Industria eta Eraikuntzako idazkari nagusia, eta ziur dago are ordezkari gehiago lortuko dituela gure sindikatuak. “EAEn % 40tik gorakoa da gure ordezkaritza-maila —bigarrenarena baino bi aldiz handiagoa, gutxienez—; Nafarroan, berriz, metalgintzako lehen sindikatua gara, eta oso-oso garrantzitsua da datu hori. Gure helburua? Zifra horiek gainditzea, geure buruari mugarik jarri gabe. Eta ez da gutxi orain arte lortu duguna”.

Hautagai-zerrendak prestatzeko prozesuan bete-betean murgildurik, Martínezek behin eta berriz dio belaunaldien arteko erreleboa behar duela metalgintzak, eta genero-ikuspegia hedatu beharra dagoela. “Zerrendetan emakume gehiago izatea da gure helburuetako bat; ezin dugu jarraitu ia erabat gizonezkoz osatutako federazio bat izaten. Gure sektoreetako emakume langileengana jo behar dugu, eta beren enpresetan lan sindikala egitera bultzatu. Oso beharrezkoa zaigu haien genero-ikuspegia. Beste helburu bat: enpresa nagusien eta azpikontratatuen arteko koordinazioa hobetzea. Hautagai-zerrenden prestaketa abiapuntu egokia da horretarako".

Unai Martínezen ustez, funtsezko beste elementu bat enpresa guztietara iristeko gai izatea da, edozein dela ere haien tamaina. “Enpresa txikietan handietan bezain beharrezkoa da sindikatua”.

ELAren azken urteotako balantzea egitean, gogoratu du Martínezek Zapateroren eta Rajoyren lan-erreformek hankaz gora jarri zutela negoziazio kolektiboko eredu sindikal tradizionala, eta ELAk, bere kasa eta bakarrik, lan eskerga egin duela, sektorez sektore eta enpresaz enpresa, erreforma horien ondorioak azaltzeko eta enpresa-hitzarmen gotortuak negoziatzeko. “ELAk ez dio inoiz uko egin sektorekako negoziazio kolektiboari, baina aitortu beharra dago ez daukala lehen zeukan balio bera. ELAk konpromiso hau bereganatzen du: gogor lan egitea lantoki bakoitzean, edozein dela ere haren tamaina, enpresariek adostutakoa bete dezaten. Konpromiso horri esker, lan-erreforma bazterrera uzten ari diren hitzarmenak ari dira sinatzen gure sindikatu-atalak. Eta horren meritua gure militanteena da”.

Eta merituez ari garela, Eraikuntzako jendea gogoratu du Martínezek, obrarik obra joan baita gizarteari erakusteko zenbaterainokoa den sektore horretako esplotazioa, bai obra publikoan, bai pribatuan “Ziur nago lan horrek, salaketa horrek izango duela saririk, hauteskunde sindikaletan langileek erabakitzen baitute nor nahi duten ordezkaritzat. Eta sindikatu guztiok ez gara berdinak. Eta ez da gauza bera ELA izatea sindikatu nagusia edo ez izatea. Gauzak aldatu nahi dituenak, horretarako borrokatzeko prest dagoenak, badaki ELA dela bere sindikatua”.

 

Igor Eizagirre, Gizalaneko idazkari nagusia

“Pertsona prekarioen ahotsa”

Igor Izagirrek baikor begiratzen die datozen hauteskundeei, sindikatuak bere ordezkaritza-maila bikainari eutsiko —edo are hobetuko— diolakoan. “Langileek ikusi dute azken urteotan nor izan diren lantokietan egoera azalduz, proposamenak eskainiz, eta negoziazio kolektiborako gure eskubidea urratzearen eta gainerako murrizketen aurkako mobilizazioetara deituz; eta ostera nor ibili den akordio hutsalak sinatuz”. Dena dela, hauteskundeetan emaitza onak lortzeko, ez da nahikoa lana ondo egitea. Horregatik dei egiten dugu erne jarraitzeko. “Gure militanteek lan ederra egin dute, baina ildo beretik jarraitu behar dugu. Boto bakoitzagatik, ordezkari bakoitzagatik, lantoki bakoitzagatik... borrokatu behar dugu”.

Hurrengo hauteskunde-prozesuari begira, Izagirrek azpimarratu du hautagai-zerrenda orekatuak egitearen garrantzia, belaunaldi-erreleboa eta genero-ikuspegia kontuan hartuz. “Orain arteko gure erreferentziazko jendeaz gain, sektore bakoitzeko gazteak bilatu behar ditugu, geroan ordezkoak izateko”.

Egoera sektoreka aztertuz, honela dio: “bagara lehen sindikatua irakaskuntzan, eta gure helburua irakaskuntza publikoan dugun ordezkaritza hobetzea da. Sektore sozio-sanitarioan ELA bi puntu baino gehiago hazi da, eta %45etik gora paratu da. Pertsona prekarioen ahotsa gara. Foru- eta toki-administrazioetan gure helburua EAEko hiru hiriburuetako udaletan irabaztea da, eta hiru aldundietan aurrera egitea; horrela negoziazio kolektiboa suspertu, eta enpleguaren zein lan-baldintzen kalitatea hobetuko dugu. Nafarroan helburua bigarren sindikatu gisa finkatzea da, eta baita sektorerik sektore postu hobeak lortzea ere”.

 

Maricruz Elkoro, Zerbitzuak-eko idazkari nagusia

“Prekarietatearen aurkako hauteskundeak”

Zerbitzuak-en helburuez galdetu diogu, eta zera gogoratu digu Maricruz Elkorok: bere federazioan epe kontzentratuak geroz eta gutxiago duela kontzentratutik, etengabe egin direla eta ari direla egiten hauteskunde sindikalak. “Jarduera sistematiko bat da hauteskunde sindikalak prestatzea, egunero lanaren egitekoetako bat. Hein handi batean, zerbitzu-enpresen ugaltzeak ekarri du hori, langileen prekarietatea baita jaun eta jabe enpresa horietan. “Gatazkari ekiteko bete behar den lehen baldintza hau da: ordezkaritza sindikala edukitzea. Horrek afiliazioa ekartzen du, antolakuntza eta, egoera egokia baldin bada, gatazka. Lau urteotan etengabe jardun dugu hauteskundeak egiten eta prekarietateari aurre egiten.

Lehen, sindikatuko liberatu bat joaten zen enpresa batera, jende bila hasten zen, ordezkaritza sindikala izatearen garrantziaz hitz egiten zien langileei, sindikatura afiliatzearen onurak azaltzen zizkien… Orain, aldiz, kasu askotan langileak eurak etortzen dira gure egoitzetara eta borrokatzeko prest daudela esaten digute. Izan ere, borroka-erreferentzia da ELA langileentzat, lan-kondizio duinen alde borrokatzen den sindikatu bat. Hortik aurrera, makineria martxan jartzen da”

Ez da kasualitatea, Elkororen iritziz, Arte Ederren Museoko langile azpikontratatuen borrokaren eta garaipenaren ondoren beste batzuk etorri izana: Guggenheim, Euskalduna, Azkuna Zentroa… Gauza bera ari da gertatzen udal-kiroldegietan eta hoteletako logeletako zerbitzarien sektorean. “Talde batek garaipen bat lortzen badu, erreferentzia bihurtzen da gainerako langileentzat, irabaz daitekeela pentsatzen hasten baitira”.

Honenbestez, baikor begiratzen dio Elkorok etorkizunari. “Goranzkoa da joera, argi eta garbi; Araban, esate baterako, ikusgarria da hazkundea, bai hauteskundeetatik ateratzen den ordezkari-kopuruarena, bai afiliazioarena”.