Europako sententzia
Ezintasun iraunkorra duten ABLEetako langileek ezin dute jaso zuzeneko langileek baino kalte ordain txikiagoa

Langile horrek demanda bat jarri zuen ELArekin Ranstad Empleo S.A eta Ferrovial Servicios S.A enpresen kontra, ABLEen Estatuko Hitzarmen Kolektiboan aurreikusitako 10.500 euroko kalte ordaina jaso ondoren. ELAk uste du dagokion kalte ordaina ez dela hori, baizik eta lanean zen enpresako aplikazio hitzarmenarena araberakoa: 60.101,21 eurokoa, hain justu.
Gasteizko Lan Arloko 3 zenbakiko Epaitegiak ezetsi egin zuen demanda, eta ELAk errekurtsoa jarri zuen EAEko Auzitegi Nagusian. Azken horrek erabaki zuen auzi prejudizial bat aurkeztea Europar Batasuneko Justizia Auzitegian (EBJA), eta Europako auzitegiari galdegin dio ea erabaki hori bat zetorren Europako araudiarekin.
Bada, EBJAren epaiak adierazi du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/104/EE Zuzentarauaren aurkakoa dela. Zuzentarau horrek adierazten duenez,
ABLEetako langileek zuzenean kontratatutako langileen funtsezko lan eta enplegu baldintza berdinak izan behar dituzte. Orain arte Auzitegi Gorenak ez zuen kalte ordaina “lan eta enplegu baldintza” kontzeptu barruan kokatzen. Orain, irizpide hori aldatu beharko du.
ELAk uste du epai garrantzitsua dela, aurrerapausoa baita ABLEetako langileen eskubideak enpresa erabiltzaileetako langileen eskubideekin parekatzeko.