SEPI-REKIN AKORDIOA SINATZEA ADARJOTZE EDERRA

2004/12/17

SEPIk eta UGTk, CC.OO.ek, eta USTGk sindikatuek bart izenpetu zuten akordioan, gutxi gorabehera, SEPIk irail aldera plazaratu zituen planteamenduak biltzen dira. Horren ondorioz, La Naval apurka apurka itxiko dute. Izan ere, laster batean sortuko den talde publiko berritik kanpora geratuko den Izar taldeko ontziola handi bakarra La Naval izango da. Talde publiko horretara jarduera militarreko ontziolak bilduko dira.

<p<ELAren ustez, negoziazioak SEPIk eta sindikatu sinatzaileek antzeztu duten maskarada baino ez dira izan. Akordioa egin eta gero, Sestaoko Navali dagokion guztia zintzilik geratu da. Iraileko proposamenaren ildo orokorrak besterik ez da jaso.

Zenbait hilabetetan bilerak egin eta egin ondoren, gaur da eguna oraindik plan industrialik gabe gaudela, ez direla oraindik ezarri ontziolaren ekoizpen-beharrizanak, ezta antolamendu-beharrak ere.

- <p>Ontziolari lan-karga eskaini behar zaiola diote, baina ez da zehazten, ez bermatzen.
- <p>Pribatizatzeko prozesua onartu da, baina ez da lotu nola burutuko den, zeintzuk epeak, ezta akzioak zelan banatuko diren.
- <p>Gerorako utzi da, eta ez da zehaztu noizko: industria laguntzailearen arazoen analisia eta tratamendua, La Navalerako sinatu den birmoldaketak industria horri dakarkion eragina, eta horri aurre egiteko hartuko diren neurri gehigarriak. Eta Ezkerraldean etengabe gertatzen ari den industria-suntsipena eta lanpostu-galera geldiarazteko zeintzuk izan daitezkeen benetako aukerak.

Aurreko hutsuneen zerrenda luzea argitu barik utzi bada ere, erretiro aurreratuak bai zehaztu direla, eta 1175 langileetatik 570 erretiratuko dira, hau da, %49. Eta hori jakin gabe oraindik zein jarduera eta zein lanpostu izango den beharrezkoa geroko batean, ez baitago plan industrialik, ezta ontziolak izango duen lan-kargarik ere.

<p>Zentzugabekeria horien guztien ondoren, eta langile guztien ia erdiak erretiratzen diren artean, beste batzuk kontratatu behar dira zenbait postu bete gabe geratuko direlako.

Kontraesan horiek ulertzeko, SEPIk eta zeharka Espainiako Gobernuak erabili dituzten manipulazioak errepasatu behar dira. La Naval lanik gabe eduki dute nahita hilabete askotan, aldez aurretik hartuta zeukaten erabaki politikoa zuritzeko. Une egokia ikusi dutenean, eta langileen erantzun sendoari eusteko, besapetik atera dute gasontzi bat edo gehiago eraikitzeko aukera, urtebeteko edo gehiagoko lana emango duena. Trikimailu horrekin eta langile guztien erdiak erretiro aurreratura pasatzeko amuarekin, akordioa sinatzera eta mobilizazioak bertan behera uztera bideratu dute gatazka.

<p>ELAren iritzirako, ontziolaren iraupena Gobernuaren borondate politikoaren menpe dagoela lehen baino argiago geratu da. Horregatik, inoiz baino hobeto azpimarratzekoak dira langileek egin dituzten eskariak ontziola enpresa publikoa izan dadin. Bereizteko izenpetze honek epetan ixtea dakar, eta unean uneko komenientzia politikoen arabera neurtuko da itxiera.

Akordio hori sinatzean, UGTk eta CC.OO.ek bizkarra eman diete La Navaleko langileei, mobilizazioei deitu orduko hitz egina baitzuten akordioa, orain formalki gauzatu dutena.

Akordioa sinatu eta gero, ELArentzat, funtsezko gaiak geratu dira zintzilik (plan industriala, lan-karga, epeak, industria laguntzailea). Hori nahiko arrazoia bada Sestaoko langileek protesta eta mobilizazioekin jarraitzeko, jokoan dagoena ez baita bakarrik haien geroa, Ezkerraldekoa ere bai.

Sestao, 2004ko abenduaren 17a.