ENERGIA EOLIKOA

Siemens-Gamesako langile-batzordeek erakundeak premiatu dituzte enplegua bermatuko dela zain dezaten

2023/11/03
Ordezkari sindikalek salatu egin dute zuzendaritzaren ezkutukeria, eta honi galdegin diote arlo eolikoaren alde egin dezala

Siemens-Gamesako langile-batzordeak gaur Zamudion bilera izan dute, batetik adierazteko ez datozela bat enpresako zuzendaritzaren azken ekintzekin, eta bestetik erakundeak premiatzeko enplegua bermatuko dela zain dezaten: “Gure enpresako zuzendaritzak erabat ezkutuan gordetzen ditu hartu nahi dituen erabakiak”, salatu dute langileen ordezkariek.

“Dei egiten diegu herri-erakundeei beren agintea eta beren gain dituzten eskuduntzak balia ditzaten sektore estrategiko honetan, zeinetan aitzindari garen, enplegua bermatuko dela ziurta dezaten. Duela egun gutxi Europar Batzordeak iragarri zuen laguntzak emango dituela sektore eolikorako, honen etorkizuna indartzeko eta Europar Batasunaren deskarbonizazioari aurre egiteko, energia eolikoa baita honen ardatzetako bat. Batzordearen neurrien artean izango dira aerosorgailu-lantegietarako finantziazioa eta zuzeneko laguntzak, baita enkanteen arautegiaren aldaketa ere; hau da enpresek eskatu izan dutena, baina ez dago egungo enpleguarekin jarraitzeko betebeharrik, eta ez zaio garrantzirik ematen tokiko hornikuntza-kateari, ez eta parke eolikoak eraikitzerakoan berariaz presentzia industrialari ere”.

Siemens-Gamesari, berriz, ordezkari sindikalek “ozen” jakinarazi diote “enpresan eta honen etorkizunean uste osoa” izan behar duela. “Europa eta mundu mailan onshore (lurreko) parkeak instalatzeko aurreikuspenak oso handiak dira, 250 GWkoak datozen 10 urteetan; beraz, ez dugu ulertzen zuzendaritzak negozio-unitate honen inguruan zalantzarik izatea, areago dituen langileak eta hauen esperientzia ikusirik. Hain zuzen horregatik erosi zuen Gamesa Siemensek duela zazpi urte, eta erabaki bakarra emango dugu ontzat, negozioaren atal honen alde egiten jarraitzea, izan ere, bere eskari ekonomikoak eta araudiari buruzkoak bete baitira”.