Herri Ekimen Legegilea
Sinadurak biltzen hasi dira gutxieneko soldata propioa lortzeko

ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuak sinadurak biltzen hasi dira Hego Euskal Herrian Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) propioa lortzeko. Herri Ekimen Legegilea da, eta langileen estatutua aldatzea du helburu, Autonomia Erkidegoek beren errealitatearekin bat datorren gutxieneko soldata ezartzeko eskumena izan dezaten eta gutxieneko soldata hori Estatukoaren gainetik egon dadin. Sinadurak bildu ostean, EAEko eta Nafarroako parlamentuetan eztabaidatu eta onartu beharko litzateke, ondoren Espainiako Kongresuan aurkeztu eta onartu ahal izateko. Hala ere, EAEn ILPk bere bidea egingo duen arren, Nafarroan parlamentuko mahaiak ez du tramiterako onartu. Sindikatuek, berriz, helegitea aurkeztu dute eta sinadurak biltzen hasi dira, ondoren, sinadurak eskuan, alderdi politikoei parlamentura eramateko eskatzeko.
"Premiaz behar dugu LGS propio bat pobreziari aurre egiteko, aberastasuna hobeto banatzeko eta arrakalei aurre egiteko", diote sindikatuek. Horregatik, herritarrei eskatzen diete sinatzeko, alderdi politikoei ILP babesteko, eta Confebaski eta CENi negoziatzeko eta akordio bat lortzeko. Azkenik, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote bere baliabide guztiak aktibatzeko, LGS propioa lortzeko.
Beren helburuak lortze aldera, sindikatuek bi bide landu dituzte: lehenik eta behin, Herri Ekimen Legegilea dago, eskumen berriak lortu nahi dituena; bigarrenik, eta egungo eskumenen barruan, Lanbide arteko Akordio bat lortzen saiatu dira, langile guztientzako LGS propio bat erraztuko lukeena. Hala ere, oraingoz, Confebaskek eta CENek ateak itxi dizkiote aukera horri. Horregatik, bildutako sinadurak ere aurkeztuko dizkiete bi patronalei, herritarrak horren alde daudela frogatzeko.
Helburua da sinadura bilketa mobilizazio masibo bihurtzea. Horretarako, Hego Euskal Herriko langile guztiak parte hartzera animatu dituzte. Sindikatuek gogorarazi dute LGS propio bat lortzeak langile guztiei egingo liekeela mesede, eta bereziki, egoera ahulenean daudenei: emakumeei, langile migratu eta arrazializatuei, gazteei eta dibertsitate funtzionala duten langileei.
Era berean, gogorarazi dute milaka direla pentsio minimo baten alde pentsiodunen mugimenduak bildutako sinadurak, ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU eta ETXALDE sindikatuek babesten duten aldarrikapena.