Sindikalgintza eskubide sozialen alde eta murrizketen kontra #RGIdefendatu

2017/03/30
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren kide diren sindikatuetako arduradun nagusiak –ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiru– agerraldi publikoa egin dute ekimen honek apirilaren 1erako –larunbata– Bilbon antolatu duten manifestazioari atxikimendua emateko. (17:30, Jesusen Bihotza).

Manifestazio honen helburua eskubide sozialak defendatzea da; horregatik azkenaldian Eusko Jaurlaritzak prestazio sozialetan –bereziki Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan– ezarri dituen murrizketak salatuko dira.

Prentsaurrekoan ELAko idazkari nagusiak –Adolfo Muñoz– salatu duenez, pobrezia gero eta jende gehiagori eragiten dion arazoa da. “Gizarte prestazioetan murrizten badugu milaka lagun pobreziara zigortzen ditugu. Patronalak prestazio hauek murriztu nahi ditu jendeak miseriazko baldintzak onartu ditzan, eta Eusko Jaurlaritzak planteamendu hau onartzen du”.