Sindikalismoak esplotatuta dagoen jendearen aurrean inolako loturarik gabe agertu behar du

2015/09/30
Sindikalismoak esplotatuta dagoen jendearen aurrean inolako loturarik gabe agertu behar du
ELAko ordezkaritza bat parte hartzen ari da atzo hasi eta urriaren 2a bitartean Parisen ospatuko den Europako Sindikatuen Konfederazioaren (ESK) XIII. Kongresuan. Bertan da Adolfo Muñoz "Txiki", idazkari nagusia ere eta gaur arratsaldean hitz egin du osoko bilkuran.

Egunotan Parisen egiten ari den Europako Sindikatuen Konfederazio Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak hitz egin du.

Bere iritztz alternatibarik ezin bada izan demokraziarik ez dago. "Ezinbestekoa da agintera iristen diren alderdiek politika neoliberalei men egin beharrari uko egitea. Grezian oso gauza larriak gertatu dira; Troikak mezu bat eman du: Ez da politika alternatiborik onartzen. Eraiki duten egituraren ondorioz, gobernu guztiek -edozein koloretakoak direla ere- egonkortasun politikak ezarri behar dituzte, erreforma estrukturalei eutsi eta eskubide laboral eta sozialak murriztu. Haatik, Troikaren eskema hau onartzea europar eredu sozialarentzat katastrofe hutsa da. Herritarroi botoa emateko aukera ematen digute, baina politika ez aldatzekotan. Hori horrela bada... zer nolako demokraziaz ari gara Europan, herritarren botoa ezdeusa bada, gobernuak beste boter batzuren menpean jartzen direlako? Ezin dugu onartu zor eta defizit mugaren aitzakiaz gobernuek eskuak lotuta izatea gizarte-politikak egiteko".

"ELA oso kezkatuta dago, dena diziplinatzeko saioa ikusirik. Aipagarria da, esaterako, zer erreakzio eragin duen laborismoaren buru Corbyn hautatu izanak: ez diote bakarrik botere ekonomikoek eraso; laborismoko establishment-ak berak ere gogor ekin dio. Kapitalaren botere gotorra eta honen zerbitzutan jokatzen duen sistema politikoa zalantzan jartzen duen edonor isilarazi egin behar da. Baina mugimendu sindikalak ez luke gertakari hauen aurrean isilik egon beharko. Politikan behar ditugu jasaten dugun injustiziari aurre egiteko ausardia duten pertsona eta alderdiak" adierazi du.

Kongresu honetan ELAko idazkari nagusiak nabarmendu egin du "sekulako hipokrisia" dela "gobernuek arauak bete behar izatea, auzi moral hutsa bailitzan, bitartean enpresa handiek -euretako asko Angela Merkel beraren herrikoak: VW, Siemens...- trikimailuak, eroskeria, iruzurra eta ustelkeria erabiltzen dituztelarik beren helburu bakarra lortzeko: akziodunen irabazia maximizatzea. Hain zuzen, enpresa hauek hartzen dituzte gobernuak gatibu gisa, hauengandik era guztietako abantailak lortzeko, fiskalitatetik hasita. Mugimendu sindikalak faltsukeria hau salatu egin behar du. Enpresek, eta guztien gainetik handienek, ongizate soziala ezinezko bilakatzen duen iruzurra egiten dute, eta gobernu askok onartu egiten dute".

Soldatek aberastasunaren zati gero eta txikiago dutela azpimarratu du. "Gobernuak eta patronalak beren helburua lortzen ari dira: soldatek inoiz baino zati txikiagoa dute aberastasunaren banaketan. Hori izan da "erreforma estrukturalak" eta antzeko eufemismoak erabiltzen dituen politikaren helburua.

"Doitze politikek gizatasuna kentzen diote lanari, eta kontratu berri gehienak negargarriak dira. Lanaren eta soldaten aurka ekiten ari direlarik, gobernuek eta patronalek sindikalismoa ezdeus izatea lortu nahi dute, eta beren asmoak oztopatzeko ekintz autonomoa galarazi nahi diote. Soldatak jaistea onartzeko ez dago arrazoirik; aitzitik, soldatak hobetu egin behar dira, baita lan-baldintzak ere. Soldatak jaitsiz gero, gizarte guztia txirotu egiten da. Horri aurre egiteko gaude sindikatuok. Oreka eta kontrapisurik gabeko gizarte bat, sindikalismo indartsurik ez duen gizarte bat, ez da demokratikoa".

ELAk TTIParen auzia larria dela esan du, eremu publikoa areago murrizteko tresna zanpatzailea. Funtsean antidemokratikoa den itun honek merkataritzaren aitzakiapean multinazionalak edozein arauren gainetik kokatu nahi ditu, eskubide laboral, sozial, ekologikoen gainetik alegia. Halaber, aldaketa klimatikoa ere aipagarria da; sistema hau bateraezina da garapen sozialarekin eta oinarrizko oreka ekologikoekin. "Eztabaida honetan sindikalismoak badu zer esana; energia-trantsizioaren aitzindari izan behar dugu, eta aldarrikatu behar dugu negutegi-efektua eragiten duten gasak isurtzen dituzten sektoreen ordezko enpleguak behar direla. Halaber, milioika lagun migratzera bultzatzen dituen giza-krisia ere larria da. Ezin dugu onartu eskuin muturrak abantaila ateratzea soziala den oro suntsitzen duten politiketatik. Gizarte-politikak garatzea da xenofobiari eta eskuin muturrari aurre egiteko modurik hoberena".

Muñozen arabera, sindikalismoak esplotatuta dagoen jendearen aurrean inolako loturarik gabe agertu behar du. Prekarietatea eta esplotazioa gero eta handiagoak dira, eta horrela ezinezkoa da ustez soziala den eredu bat gauzatzea. "Argi eta garbi esan behar dugu: Politika, kolore guztietakoa, interpelatu behar dugu, erreakziona dezan eta arrastan eraman ez dezaten. Gure iritziz, elkarrizketa soziala bateraezina da politika neoliberal, aldebakarreko eta antisozialekin. Erronka estrategikoa da sindikalismoarentzat gure proposatzeko ahalmena eta, batez ere, indar-erlazioa hobetzea; kontu organizatiboei lehentasuna eman behar diegu. Hau da iraganera garamatzaten politikek baldintzatzen duten garaion gakoa" gaineratu du.