XVI. KONGRESU KONFEDERALA
Sindikatu gehiago. Bizitza gehiago

ELAk duela lau urte, aurreko Kongresuan deskribatzen zuen krisi sistemikoa areagotu egin da. Sistema kapitalistaren inertziak krisi ekologikoa areagotu du, aberastasunaren akumulazioa eta desberdintasun soziala areagotu ditu eta demokrazia bera kolokan jartzen ari da. Horren adierazgarri dira klase herrikoien erosteko ahalmenaren galera eta pobretzea, oinarrizko eskubideak zalantzan jartzea, migrazio-krisiak eta arrazakeriaren hazkundea, klimaren aurreko negazionismoa, estrategia belizistaren garapena edo eskuin muturraren gorakada eta soluzio autoritarioak.
Bai maila orokorrean, bai gure testuinguru hurbilenean, oso agertoki kezkagarrian gaude. Munduak, oro har, eta gure gizarteak, bereziki, ziurgabetasun handia sortzen duten eta egungo sistemaren lasaitasuna zalantzan jartzen duten hainbat mehatxuri egin behar die aurre.
Testuinguru horretan, Batzorde Nazionalak onartu eta Kongresuan eztabaidatu eta bozkatuko den ponentziak militantzia guztiarekin garrantzitsutzat jotzen ditugun gaiei buruz hitz egiteko, eztabaidatzeko eta adostasun berrietara iristeko tresna izan nahi du. Azken batean, ponentziak hausnarketa kolektiboa bultzatzea du helburu. Gure erakundearen etorkizunak eta Euskal Herriko langile klasearen patuak merezi dute.