Sindikatuek azken lan istripu hilgarria salatu dute Bizkaiko Aldundiaren aurrean

2021/08/09
ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiruk deituta, elkarretaratzea egin dute Bizkaiko Aldundiaren aurrean (Bilbo), pasa den astean Karrantzan langile bat hil zela salatzeko. Heriotza berri horrekin, 35 langilek galdu dute bizia aurten Euskal Herrian, lan-istripu baten ondorioz.

Sindikatuek azpimarratu dute badela garaia langileen osasuna eta segurtasuna zentralak izateko. Ildo beretik, gogorarazi dute borondate politikoa eta enpresaburuen behin betiko konpromisoa baino ez direla behar egoera horrekin amaitzeko.

Kontuan hartu behar da aurten jada 4 langilek galdu dutela euren bizitza basogintzan, eta horrek sektore horretan lan egiten den baldintzei buruzko gogoeta sakontzeko beharra erakusten du.  ELA sindikatuak bere babes eta elkartasuna adierazi nahi die hildako langilearen familia, senide eta adiskideei.