SEKTORE PUBLIKOA
Sindikatuek EH Bildu eta SUMAR alderdiei kongresuan emendakina aurkezteko eskatu diete, soldatak eta enplegua EAEn negoziatu daitezen

Bilbon izandako bilera horietan, sindikatuek EAEko sektore publikoko azken greba egunetik hartutako erabakiei eta egoerari buruzko irakurketa helarazi diete. Gainera, sindikatuek proposamen bat aurkeztu diete bi alderdi politikoei: Madrilgo Diputatuen kongresuan zuzenketa edo emendakin bat aurkezteko gonbita luzatu diete. Emendakina onartuz gero, gure herrialdean euskal sektore publikoko 150.000 langile baino gehiagoren enplegua eta soldata hemen erabakitzea ahalbidetuko luke.
Sindikatuek EH Bildu eta SUMAR alderdiei eskatu diete euren botoak Madrilen erabil ditzatela sektore publikoko langileen lan baldintzak hemen negoziatu ahal izateko. “Hamarkada bat baino gehiago da Madrilek, aurrekontu legeen edo antzeko legeen bidez, esparru publikoko sektore guztietako soldaten eta enpleguaren arloko negoziazio kolektiboari betoa jartzen diola”, kexu dira. Beto hori normalizatuta ez geratzeko edota indartzeko, SUMARek kasu honetan egin duen bezala, eskatu diete sindikatuek bi alderdi politikoei. Autogobernua defendatzeko eta beraien botoak erabiltzeko eskatu diete. “Bereziki baliotsuak dira une honetan, gure sektore publikoaren soldata eta enplegu beharrak hemen negoziatzeko, 80ko eta 90eko hamarkadetan egiten zen bezala. Borondate politikoa badago, posible da”, baieztatu dute.
Bestalde, sindikatuek erabaki dute, bilerara etortzeko gonbidapenari uko egin dioten alderdiei, zuzenketa bidaliko dietela. Eta emendakinarekin batera, alderdi politiko hauekin biltzeko borondatea berretsi dute. Nahi duten formatoan eta lekuan biltzeko borondatea, helburu argi batekin: alderdi politiko horiek euskal sektore publikoko lan baldintzak eta enplegua gure herrian erabakitzeko aldarrikapena bere egin dezaten eta beraien botoak ere erabili ditzatela autogobernua defendatzeko eta betoarekin amaitzeko.
Azkenik, maiatzaren 27an, sindikatuek elkarretaratzeak egingo dituzte EUDELen aurrean, 10:30ean, eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean, 11:30ean. “Euskal erakundeei eskatuko diegu utzi diezaiola Espainiako Gobernuaren azpiordezkaritza huts gisa funtzionatzeari, beren eskumenak erabil ditzatela, zerbitzu publikoak indartu ditzatela, pribatizazioak alde batera utz ditzatela, enplegu publikoa sor eta finka dezatela eta euskal herritarrei kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak bermatzen dizkieten langile publikoen lan baldintzak hobetu ditzatela”.