Sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren, EAJren eta PSE-EEren aurrean protesta egingo dute
                
              ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU eta Etxalde sindikatuek manifestazioa egingo dute azaroaren 12an, EAJri eta PSE-EEri eskatzeko osoko bilkuran gutxieneko soldataren aldeko herri ekimen legegilea eztabaidara onar dezatela. Manifestazioa Bilbon izango da, eta 11.30ean abiatuko da Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik (Kale Nagusia), PSE-EEko egoitzatik pasako da (Alameda Rekalde) eta Sabin Etxean bukatuko da, ‘EAJ-PSE-Confebask, pobreziaren errudunak; SMI vasco ya!’ lelopean.
Gogoratuko denez, EAJk berariaz gutxieneko soldataren herri ekimen legegilearen aurkako iritzia publiko egin zuen. EAJren iritziz gutxieneko soldataren erabateko eskuduntza aldarrikatu beharko litzateke, estatuaren inongo esku-hartzerik gabe, eta sindikatuen ekimenak ez du anbizio hori betetzen. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak ekimenaren aurkako txostena publiko egin zuen sindikatuek erabateko eskuduntza eskatzen dutelako, Espainiako merkatuaren batasuna urratzeko arriskua dagoelako eta gutxieneko soldataren gaiak patronalarekin adostasuna exijitzen duelako.
Sakonean, EAJk eta PSE-EEk, pentsiodunekin gertatu bezala, Eusko Legebiltzarrean iruzur demokratikoa gerta daitekeela aurreratzen ari dira. 138.495 langilek Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata ezarri ahal izatea eskatu dute eta gutxieneko demokratikoa da herritar horien eskakizuna eztabaidatzea. Herri ekimen legegileak dira herritarrek politika egiteko duten mekanismo demokratikoa; eztabaida ukatzea erabateko iruzurra litzateke eta politikaren ikuspegi elitista eta autoritarioa erakutsiko luke.
EAJ eta PSE-EE garaiz daude herritarren ahotsari bide emateko eta Eusko Legebiltzarreko biharko osoko bilkuran gutxieneko soldataren herri ekimena eztabaidara onartzeko. Ondoren, eztabaidan alderdi bakoitzak bere aldarrikapenak mahaigaineratuko ditu, baina ez da onargarria eztabaida bera ukatzea. Sindikatuak prest daude Eusko Legebiltzarrean alderdien ekarpenak eztabaidatzeko; alderdiek negoziatzeko prestutasun horri bizkarra ematea ulertezina litzateke.