ELAk ez du sinatuko Santander taldeak zenbait sindikaturekin sinatu duen bat-egite protokoloa

2013/02/18
Negoziazioan parte hartu duten CGT, CIG, ELA eta LABeko, eta mahaitik baztertu zuten CSIko atal sindikaletako afiliatu batzarrek, Santander taldeak zenbait sindikaturekin sinatu duen bat-egite protokoloa ez onartzea erabaki dute; horrenbestez, ez dute sinatuko.

Azkenean afiliatuen batzarrek erabaki dute -sindikatuotan batzar hauek esaten dute akordio bat sinatzen den ala ez- bat-egite protokoloa ez onartzea, bera ondo aztertu ostean, ez baitu nahikoa bermerik eskaintzen; beraz, oso litekeena da langileen interesen kalterako izatea.

Hitzartu denari buruz esan beharra dago txeke zuri bat dela, sinatu duten sindikatuek Bankuari plantillak murrizteko emana; gainera, murrizte hori saihestezina bailitzan hartu dute, horrela azken erreforma laboralek enpresen esku jartzen dituzten erraztasunei bide emanez. Hots, Bankuari ez diote bat ere konpromiso argirik hartu arazi ziurtatzeko ez duela egingo lekualdatze traumatikorik, kaleratze kolektiborik edota banakako kaleratze objektiborik, ustezko doikuntza gauzatzeko.

Konpromiso hori gabe ez dago esaterik bat-egiteko protokoloa plantillarentzat ez denik kaltegarria izango. Langile batzuk derrigor onartu beharra izango dute edozein tokitara lan egitera eramatea -baita bankuak ez diren Taldeko beste enpresa batzuetara ere-, edota pizgarriekin emandako bajak; litekeena da ezezkoa esanez gero kaleratze objektiboaren mehatxua etortzea. Gainera, enpresa guztiok ezagutzen dugunez, badakigu arma honetaz baliatuko dela disuasiorako eta atzera egin arazteko.

Ordezkari sindikalok negoziazio-mahaian aldarrikatu dugu hau aukera oso ona dela bulego sareko plantillak indartzeko, honek bezeroarenganako zerbitzua eta arreta hobetuko bailuke -bat-egitearen helburuetako bat hau omen da-; hortaz, ez dugu ontzat ematen esatea zehaztu gabeko langile kopuru bat sobera dagoela. Halaber, eskatu dugu enpresak argi eta garbi uko egin behar ziela Langileen Estatutuan plantillak murrizteko dauden mekanismoei, eta mahai gainean ipini genuen Banco Santander eta Central Hispanok bat egin zutenean sinatu zen Enplegua Bermatzeko Akordioa, aplikazioari eta emaitzei dagokienez eredugarria gertatu zena. Zoritxarrez, proposamenok ez zituen sindikalismo instituzionalak babestu eta, ondorioz, enpresak baztertu egin zituen.

Horrenbestean, gure ustez honelako banku batek ezin ditu bere langileak babesik gabe eta noraezean utzi: bere presidentearen esanetan 2012an “2.205 milioi euroko etekin egotzia” lortu du; “hornidura aurretiko etekina 23.559 milioitara iritsi zelarik, Banco Santander munduko hirugarren banku” da; “burtsako kapitalizazioari dagokionez euroguneko lehen banku gisa mantentzen da”, eta “bere 3,3 milioi akziodunentzako ordainari eutsiko dio”, azken bost urteotan 24.000 milioi jaso duten akziodunak. Gogoratu behar diogu geu garela bere aktiborik hoberena.

Bestela, iritzi publikoaren eta finantza-merkatuen aurrean ahaleginak egin arren, ezin izango du erakunde interbenituetatik bereizi, non plantilla murrizketa latz eta traumatikoak ari diren gertatzen, eta egoki irizten diogun tokietan esan beharra izango dugu alderik ez dagoela banku batzuen eta besteen artean; areago bategite honen ondorioa lanpostu galera masiboa balitz.

Dena dela, ordezkaritza sindikal hau eragindako hiru erakundeen bat-egite eta integrazio prozesu guztian present izango da, enpleguaren alde eta langileen eskubideen alde borrokatuz.