Sistema publikoren aurkako eraso berria

2007/05/20
Espainiako Gobernuak, CEOE patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsaren Lege erregulatzailearen aurreproiektua adostu dute. ELA “gizarte-elkarrizketa” delako horren baitan adostutako aurreproiektuaren aurka dago, besteak beste funts publikoak pribatizatzeko beste pauso bat izango delako.

Hau da ELAren azterketa bulegoak gaiaren inguruan prestatu duen txostena:

Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsa sistemak berak urterik urte dakarren superabitez osatu da. Erreserba Funtsaren xedea pentsioen ordainketa gerora ziurtatzea da, badaezpadan etorkizunean kotizazioak ez diren nahikoak prestazioak eman ahal izateko.

Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsaren Lege erregulatzailearen aurreproiektua CEOErekin, CC.OO.ekin eta UGTrekin adostu dute, “gizarte-elkarrizketa” delako horren baitan. Testuak aldaketak dakartza hainbat alderditan: aktiboak erabiltzea; inbertsio-politika; kudeaketa-organoen osaera eta eskumenak; funtsaren aktiboaren zati baten kudeaketa kanpora ateratzea; eta legea emateko eskumena aipatzea.

Erreformaren gunea bi aldaketaren inguruan ardazten da:

-Inbertsio-politika: Orain arte, Erreserba Funtsa gauzatzen den baloreak pertsona juridiko publikoek jaulkitako tituluak izan behar izan dira. Erreformaren ostean, erakunde pribatuek jaulkitako balore, akzio eta finantza-agirietan ere inbertitu ahal izango da, baldin eta balore-merkatuan negoziatzen badira, eta arrisku-maila jakin batzuen barruan badaude.

-Kanpora ateratzea: Erreserba Funtsaren aktiboaren zati zehazkabe baten kudeaketa kanpora atera ahal izango da, pribatizaziora alegia.

-Aurreproiektuan ez da zehaztu funtsaren zein kopuru edo portzentaje inbertitu ahal izango den errenta aldakorrean edo erakunde pribatuek jaulkitako tituluetan, ezta zein kopuru edo portzentaje baimenduko den ere, kanpoko kudeaketaren esku (pribatua) uzteko. Zehaztapena erregelamendu bidez etorriko da, etortzekotan; zeren litekeena da erregelamenduz ere ez zehaztea. Hau baino ez da esaten: “Erregelamendu bidez ezarri ahal izango dira mugak...” balore desberdinetan inbertitzeko; eta ezta hori ere ez da esaten kudeaketa kanpora ateratzeari buruz. Azken finean, mugarik ez balego bezala. Hain gai garrantzitsuei buruzko erabakiak Gobernuaren eskutan utzi dira, eta argi dago erregelamenduena baino maila goragoko arauen bidez erabaki beharko zirela.

Bestalde, Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsaren Legearen erreformaz baliatu dira Azken Xedapenetako Lehenean Estatuari erabateko eskumena aitortzeko, Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoari dagokionez; kudeaketa ekonomiko hori Nafarroako eta EAEko erakundeei legokiekeen eskumena alde batera utziz.

ELAk ez du utzi nahi balore-kartera horren administrazioa kudeatzaile pribatuen esku, hau da, banku eta aseguru-konpainien esku; horrela, Erreserba Funtsaren baliabideak kapitalen merkaturantz abiatuko baitira.

-Funts publikoak pribatizatzeko beste pauso bat izango da.

-Gizarte Segurantzak izan behar duen sistema publikoaren izaera zalantzan jarrita eta ahulduta geratuko da.

-Erreserba-funtsak espekulaziora bideratuz gero, finantza-merkatuen diru-gosea areagotuko da.

-Inbertsio-politikan emandako biraketa horrekin, etorkizuneko pentsioak, ziurtatu beharrean, arriskuan jarriko dira. Ikusi besterik ez dago zein egoeratan bukatu diren pentsio pribatuen funts batzuk, zenbaitetan porrot-egoeraraino iritsi dira, horrelako kudeaketen bidez.

-Gizarte Segurantza arlo publikotik bereizi nahi izatea mehatxu hutsa da pentsioen sistemarako. Kudeaketa publiko batek bakarrik berma dezake etorkizuneko pentsioen segurtasuna.

-Azkenik, harrigarria da oso Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren gaineko eskumena Euskal Herriko erakunde publikoei orain ukatzea, legean hala ezarrita baitzegoen; eta bitartean, erreserba-funtsaren administrazioa arlo pribatuaren esku uztea.