Muñoz: "Soberanismoak ezkerrera jo behar du eta soziala izan behar da; bestela, ez du bere oinarria zabaltzeko modurik izango"

2015/10/26
Muñoz: "Soberanismoak ezkerrera jo behar du eta soziala izan behar da; bestela, ez du bere oinarria zabaltzeko modurik izango"
ELAko idazkari nagusiak, Adolfo Muñozek, hitzaldia eskaini zuen Alternatiba-Herriaren barnean Bilborock aretoan . Hitzaldiaren helburua Lan Harremanen eta Gizarte Babesaren Euskal Esparrua inguruan hausnartzea izan zen. Bere hitzetan "mugimendu sindikal eta sozialak autonomia behar du klase politikoa, batik bat ezkerra, interpelatzeko, honengandik gehiago espero baitugu".

ELAko idazkari nagusiaren parte hartzeko ildorik behinenak hauek izan ziren:

1.- Europar Batasuna politika neoliberala berdinak ezarri eta politika alternatiboa birrintzeko asmatu den eraikin bat da; hauteskundeetako lehiak ez dezan eragin aldaketarik Troikak inposatzen duen politikan. Ezker politikoaren sektorerik handiena jota geratu da Grezian gertatutakoaren ostean. Han Troikak herritarrei hau esan zien: “bozka dezakezue, baina edonork irabazita ere, nik esaten dudana egingo du”. Greziari memorandum bat ezarri dioten bezalaxe, espainiar estatuak ere badu bere memoranduma. Zoritxarrez, gobernu guztiek ontzat ematen dute kapitalaren interesen mesedetan antolatu den eta politika antisozialak dakartzan egitura hau. Murrizte politika, erreforma estrukturalak egitea, gizartearen kohesioa zartaraztea da. Duela gutxi patronalak amestu ere ez zuen egingo krisiari halako zukua aterako zionik. Errealitatea latza da: soldatek aberastasunaren banaketan inoiz baino zati txikiagoa dute; kontratu berriak inoiz baino miserableagoak dira, eta kapitalak orain sekula baino zerga gutxiago ordaintzen du.

2.- Sindikalismoak betidanik jorratu izan dituen gaiei aldaketa klimatikoa gehitu behar diegu. Irmo. Hil ala biziko kontua dugu. Abenduan Parisen izango den COP21 dela eta, ELAk mugimendu alternatiboen aldarrikapena oihukatzen du: “alda dezagun sistema, ez klima”. Sistema kapitalista, berez, suntsitzailea da, eta ekosistema ere hondatzen du. Gobernuak korporazio handien eta finantza-botereen eskuetan daude; ez dituzte hartuko behar ditugun erabakiak. Helburua da “0 karbono, 0 pobrezia”. Sindikalismoak agenda hau bere egin eta gobernuei galdegin behar die ordezko enpleguak sor ditzatela ezinbestekoa izango den energia-trantsiziorako. Aldaketa klimatikoaren aurkako borrokak enplegua sortzen du.

3.- Lan Harremanen eta Gizarte Babesaren Euskal Esparruan ez dute sinesten, ez Gasteizko gobernuak, ezta euskal patronalak ere. Bien interesak Espainian ondo ordezkatuta daude. Horrela gertatzen dira, esaterako, Kutxabanken pribatizazioa (datu bakarra geratzen da ezagutzeko, Burtsara ateratzeko operazioa burututakoan zuzendaritzak zenbateko bonusak jasoko dituen); Euskaltelen moduko operazioak; CAN xahutu izana… Botere ekonomiko eta finantzarioko tresnak besteren esku utzi dituzte, erabaki politikoz. Politikak eragozten du euskal esparrua. Edukirik gabe ez dago garapenik; gobernuek eta patronalek Espainian dagoena klonatu nahi badute, ez da esparru propiorik izango. Horrek zer esan nahi du, ez dagoela? Ez. Gaur esparru hori, gure ustez, proposamen, interpelazio eta mobilizazioan mamitzen den aldarrikapen bat da. Esparru hori ezin da nahastu erabat hutsalak diren tresnak sortzearekin. Auzia ez da tresna, politika baizik. Tresnak, adibidez elkarrizketa sozialeko mahaiek, politikak aukera ematen duenean izango dira eragingarriak. Politika neoliberala denean elkarrizketa soziala hilda dago. Euskal esparrua borrokarako eremu bat da, lanaren duintasuna defenditu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta garatzeko.

4.- ELAk aldarri bat egiten du: mugimendu sindikal eta sozialak autonomia behar du klase politikoa, batik bat ezkerra, interpelatzeko, honengandik gehiago espero baitugu. Eragile soziopolitiko bat gara, hausnarketa sindikal, sozial eta politiko osoa egiten duena. Ez dugu onartzen gobernu eta alderdiekiko menpekotasunik, baina politikarekin dialektika nahi eta behar dugu, zeinetan politikak onartuko duen bera interpelatzeko aukera dagoela. Noski, politikarik gabe ezin da egin guk nahi duguna. Baina hori bezain agerikoa da behar dugun politikak kaletik datorren interpelazio hori eskatzen duela, areago oraingo unean. Ezker politikoak erakundeetan ez dauka aukerarik bere helburua interpelazioa isilaraztea bada.

5.- Estatuak inboluzioa besterik ez dakar, baina autogobernuaren aurkako erasoak etengabekoak diren arren, Gasteizko gobernuak estatutismoari eusten dio, eta baztertu egiten du konfrontazio demokratiko oro. Kataluniatik oso urrun gaude; baita Eskoziatik ere, kontu sozialei dagokienez. Herri hartako agintariek erabaki zuten soberanismoak aukera izan zezan Toryekiko eta Cameronen neoliberalismoarekiko alde praktikoa nabarmendu beharra zeukatela. Hemen, ez Katalunia, ez Eskozia. ELAk uste osoa du soberanismoari etorkizuna irekiko diola ezker sozialeranzko joerak; sinesgarri, praktiko eta benetakoa izateak, alegia. Abiapuntu izan behar da geure esku daukagun ahalmen araugile oro justizia eta solidaritatearen zerbitzura jartzea; hasteko, fiskalitatea. ELA prest dago helburu hori lortzeko aliantza sindikal eta sozial sendoak garatzeko. Soberanismoak ezkerrera jo ezean, ez da aldaketarik izango. Independentzia ikurrin bat baino askoz gehiago da.

6.- ELAk antolakunde sindikala indartzeko konpromisoa hartu du. Tresna erabilgarria izan nahi dugu; gure xedea da prekarietate laboral eta sozialaren aurkako borrokak botere sindikala berreraikitzeko aukera eman dezan. Sindikalismoak ezin du galdu lan-merkatura baldintza miserableetan sartzen diren pertsonak ordezkatu eta antolatzeko gaitasuna. Sindikalismoak berretsi egin behar du ordezkatzen duen klase-subjektua.


Jeitsi hitzaldiaren laburpena PDF formatuan