Soldata arrakalarekin bukatzeko greban astebete daramate Onkologikoako garbitzaileek, ELAren babesarekin

ELA sindikatuak oso modu positiboan baloratzen du Ilunion enpresako Onkologikoako garbitzaileek orain arte egindako borroka dinamikak. Urtarrilaren 30ean hasi zuten hogei eguneko greba eta, enpresaren traben gainetik, aurrera jarraitu dute langileek.
Langileen baldintzen inguruan hitz egiteko gonbitea luzatu zien ELAk Ilunion eta Onkologikoari, baina, ez batak ez besteak, ez zuten onartu. Mobilizazioak hasi zituen sindikatuak orduan eta, langileek greba hasi zutenean, Onkologikoako Zuzendaritzak beste langile batzuei eskatu die garbiketa taldearen zenbait zereginen ardura hartzea. Hala nola, zarama ateratzea edota komuneko papera jartzea. Greba eskubidea ukatu nahi die Onkologikoak langileei horrela, eta lege hauste horregatik salaketa jarri du sindikatuak Lan Ikuskaritzan.
Emakumezkoak, gizonezkoak baino baldintza okerragoak
ELAk sektorearen erreferentziatzat hartzen duen Gipuzkoako Hitzarmenean, kaleko garbiketako plantillak —erabat maskulinizatuta— urtean 5.000 euro gehiago kobratzen ditu Ilunioneko garbitzaileak baino. % 25eko aldea da hori, eta beste hainbat baldintza desberdintasun daude. Ilunioneko langileen gehiengoa emakumezkoa da.
Egoera honekin amaitzeko eta lan baldintzak hobetzeko, borrokari ekin diote langileek. Hurrengoak dira datozen mobilizazioen egun eta orduak:
- Otsailak 4, larunbata: Elkarretaratzea. 11:00etan, Onkologikoan.
Otsaialak 6, astelehena: Elkarretaratzea. 11:00etan, Onkologikoan. Eta manifestazioa 14:30ean, Onkologikoatik.
Otsailak 7, asteartea: Manifestazioa. 7:30ean, Onkologikoatk. Eta elkarretaratzea 11:00etan, Onkologikoan.
Otsailak 8, asteazkena: Elkarretaratzea. 11:00etan, Onkologikoan. Eta manifestazioa 14:30ean, Onkologikotik.
Otsailak 9, osteguna: Manifestazioa. 7:30ean, Onkologikotik. Eta elkarretaratzea 11:00etan, Onkologikoan.
Otsailak 10, ostirala: Manifestazioa. 13:00ean, Onkologikoatik.