Soldata diskriminazioa salatzeko manifestazioa egin dute Bilbon Osakidetzako TGEEZko langileek

2022/12/17
Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko plantillak bi urte daramatza soldata arrakala sufritzen, baina Osasun Sailak hitz egin nahi ez duela argi utzi du. Satse, ELA, LAB, UGT, CCOO eta Utese sindikatuek deitutako gaurko manifestazioaren ondoren, abenduaren 20tik 23ra greba ere egingo dute langileek.

Bilbon dagoen Osasun Sailaren egoitzan hasi da manifestazioa eguerdiko 12:00etan eta Plaza Biribileraino heldu da. Abenduaren 7an saiatu ziren azkenekoz langileen ordezkariak Gotzone Sagardui sailburuarekin akordio batera iristen. Baina antzua izan zen hurbilketa, bidegabekeria zuzentzeko aukerari bizkarra eman baitzieten Osasun Sailak eta Osakidetzak, beste behin.

Sektoreko beste lantaldeek baino baldintza eskasagoak ditu TGEEZko kolektiboak eta horiek parekatu nahi ditu. Langile kolektibo hau Usansolo-Galdakaoko ospitalean eta Osakidetzako sare guztian erabat integratuta dago eta odolez eta ehunez hornitzen du EAE osoa. TGEEZak egiten duen lanari esker ospital guztiek, zentro denetako osasun profesionalek eta pazienteek dituzte behar-beharrezkoak diren odola, ehunak eta patologiak tratatzeko hemoderibatuak.

Osakidetzako langileek argi daukate gatazka konpontzeko bide bakarra negoziazioa dela. Horregatik berriro eskatzen diete Osasun Sailari, Osakidetzari eta TGEEZko zuzendaritzari bide horretan urratsak eman ditzatela.