Soldatak berriro izoztuz gero, herri-administrazioetako langileek %13ko galera jasango lukete 2010etik hona

2011/10/19
ELAk berriro dio ez duela dekretuz ezarritako erabakirik onartuko, eta langile publikoen baldintzak negoziazio-mahaietan negozia daitezela exigitzen du.

Europako gobernuek, Hego Euskal Herrikoek barne, krisia eskubide laboral eta sozialak murrizteko baliatu nahi dute, gastu publikoa gutxitze aldera. Agirre Ekonomiako sailburuak duela gutxi esandakoak adierazten du murrizteko politika horietan aurrera egiteko borondatea, eta aurreratzen digute 2012an euskal administrazioko langileen soldata berriro izozu dezaketela; horrek esan nahi du 2010etik hona erosteko ahalmenak %13ko galera izango lukeela.

 

ELAren ustez, azken orduan gezurtatzeak gorabehera, ez dago esperantzarik administrazioetako langileen lan-baldintzak murriztu eta jazartzeko politika aldatuko denik: “Gauza bakar baten esperoan daude, soldatak izozteko erabakia beren interesentzat egokiena izan daitekeen unearen zain”.

 

ELAk berriro dio ez duela dekretuz ezarritako erabakirik onartuko, eta  langile publikoen baldintzak negoziazio-mahaietan negozia daitezela exigitzen du. ”Eusko Jaurlaritzak ez du inola ere enplegua eta bere zerbitzuen kalitatea sustatzen; aitzitik, murriztea eta azpikontratatzea beste biderik ez du hautatu”.

 

Bestalde, ELAren iritziz herri honetako zerga-politika goitik behera aldatu beharra dago, behar diren zerbitzu publikoak taxuz hornitzeko baliabide nahikoak izan ditzagun.