"Soldatak eta prestazio sozialak sindikalizazioaren eta borroka sindikal eta sozialaren araberakoak dira"

2015/05/01
"Soldatak eta prestazio sozialak sindikalizazioaren eta borroka sindikal eta sozialaren araberakoak dira"
Azken urteetan bezala ELAk Maiatzaren Lehena Bilbon ospatu du manifestaldi batekin. Sindikatuko milaka militante eta lagun –10.000 inguru– elkartu dira eguerdian Bilboko Kale Nagusia zeharkatu duen manifestazioan. Aurrez, Adolfo Muñoz "Txiki" idazkari nagusiak hitzaldia eskaini du. Muñozek ELAk aurtengo Maiatzaren Lehenerako aukeratu duen leloa hartu du ardatz gisan bere hartzean: prekarietateari aurre egiteko borroka sindikala da modurik eraginkorrena.

Krisiaren aitzakia baliatuaz ezarri diren aldaketak izugarriak direla eta etorkizunean ere geratzekotan daudela azpimarratu du. "Neurri hauek bultza dituztenek ez dute atzera egiteko asmorik. Aspaldian zeuden gure eskubideak are eta gehiago murrizteko abagune on baten zain, eta eurek eragindako krisia izan da hautatu duten unea". Zentzu honetan, Muñozek gogoratu du soldatak eta prestazio sozialak sindikalizazioaren eta borroka sindikal eta sozialaren araberakoak direla.

Datozen urteak gure sindikatuarentzat erronkaz eta berrikuntzaz beterik daudela adierazi du Muñozek; aldaketa horien erdian antolakuntzaren premia nabarmendu du. "Gure klaseari eta jendeari, zailtasunak zailtasun, zerbitzatzeko aukera emango diguten egokitzapenak gauzatzea da gakoa. Prekarietateari erantzuna emateko, gero eta zailagoa den negoziazio koletkiboari, lantokien atomizazioari, lan-baldintzen estatalizazioari edo bazterketa sozialari aurre egiteko antolakuntza da da gakoa".

ELAko idazkari nagusiaren esanetan, horrenbestez, kontra-boterea izateko hautuak antolakuntzari lehentasuna ematea eskatzen du. "Gizarte hain desorekatuan, sindikatua eraikitzea identitate kolektiboen suntsipenari aurre egitea da".

Egoera ekonomiko eta sozialaz aritzeko orduan, Muñozek aipatu du Eusko Jaurlaritza oso intolerantea dela euren politika sozialak eta murrizketak salatzen dituzten erakundeen aurka, esaterako, ELA. "Gogorarazi nahi dugu Confebask patronalak ELA eta LAB sindikatu gisa deuseztatu egin nahi izan dituela, eta Eusko Jaurlaritzak Confebaski babesa eman diola".

"Bere asmoak aurredemokratikoak direla argi ez bazegoen, pasa den astean, oraingoan jendaurrean, patronalak eskatu zuen ordezkaritza sindikalik gabe uztea “tamainaz haztea” erabakitzen duten enpresak. Confebask-ek esan zuen ordezkaritza sindikala izateak, alegia, oinarrizko eskubide bat egikaritzeak, enpresen hazkundea eragozten duela. Gure oinarrizko eskubideek gogaitu egiten dituzte".

ELAko idazkari nagusiaren aburuz, iragartzen duten ekonomiaren hazkundea, baldin eta finkatzen bada, ez dauka zerikusirik Rajoy, Barcina eta Urkulluren gobernuen ekintzarekin. "Hauen erabakiek ekonomia erreala birrindu egin dute, eta langabezia, prekarietatea, eta bazterketa soziala ekarri dute. Oraindik ere hala gertatzen da. Ekonomia hazten bada, gobernu hauek kontrolpean ez dituzten faktoreen ondorio da: petrolioaren prezioaren beherakada, euro ahulagoa... Balizko hazkunde ekonomiko horren emaitza, aberastasuna banatzeko tresnak zeharo ahulduta daudelarik, honakoa izango da: desberdintasun gero eta handiagoa".

Azkenik, ELAk ez dituela klaseko erreferentziak baztertuko adierazi du, borroka sindikal eta sozialerako deia berretsiz. "Sindikatuak indarra ematen digu. Euskal Herria justu, solidario eta burujabe baten alde diharduen ELAren moduko proiektu sindikal batek, merezi du borrokatzea. ELArentzat lan-baldintzak, soldatak eta prestazio sozialak sindikalizazioaren eta borroka sindikal eta sozialaren araberakoak dira. Politika eta gobernuak gai sozialak lehenestera derrigortuko dituen botere sindikal bat".

BAZKARIA AREATZAN

Manifestazioaren ostean ELAko kideek bazkaria antolatu dute Areatzan. Herri bazkari honekin jarraipena eman nahi izan zaio Maiatzaren Leheneko ospakizunei.