Soldatei eta eskubide sozialei eraso berri baterako prestatu da Europako Batasunak

2011/03/14
ELAko Azterlanen arduradun Mikel Novalek salatu duenez, “Europako Kontseiluaren martxoaren 11ko ohiz kanpoko bilkuran lorturiko akordioek Europako Batasuneko gobernuen adostasuna islatu dute, soldatei eta lan-eskubideei eraso berri bat egiteko. Akordio horiek, bestalde, gizarte-babeseko murrizketa gehiago ekarriko dizkigute (pentsioetan, osasunean eta beste gizarte-prestazio batzuetan)”.

ELAko arduradunak azpimarratu du Euroaren aldeko Itunaren “larritasuna”, hurrengo puntu hauek proposatzen baitira:

  • Soldatak eta negoziazio kolektiboaren prozesuak finkatzeko akordioak berraztertzea.
  • Arlo publikoko soldatetan doikuntzak egiten jarraitzea.
  • “MalguSegurtasuna" sustatzeko lan-erreformak.
  • Zerga-erreformak, besteak beste, lanaren zergak (gizarte-kotizazioak) kontsumora aldatzea, zeharkako zergapetzea areagotuz.
  • Murrizketa gehiago pentsioetan, osasun-arretan eta gizarte-prestazioetan. 

Mikel Novalen ustez “neurri horiek guztiak bere-bereak ditu Estatu Batuetako Tea Party mugimendu neo-kontserbadoreak, eta Europako Batasuneko gobernuek aho batez onartu dituzte. Sozialdemokrazia eta Berlusconi eskutik doaz Europa eraikitzeko dauden proiektuen artetik atzerakoiena aukeratzen”.

 

 “Zapaterok iragarrita dauka sinatutakoa beteko duela, eta doikuntza-neurri gehiago aurkeztuko dituela”. Itundutako ildotik jarraituko du; eta, hortaz, martxoaren 24rako, edo beranduenik apirilerako, gobernuek neurri berriak aurkeztu behar dituzte, Ituna betetze aldera. Alde horretatik, Novalen esanetan “Zapaterok botere ekonomikoaren txotxongiloarena egiten du. Bruselara joan, eta han egin beharrekoa esaten diote. Itzuli eta egin. Ez da hori, hain zuzen, lider politiko batengandik espero daitekeena. Eta ondorioak langileok jasan behar ditugu".

 

Behar-beharrezkoa da garai honetako gertaeretatik ondorioak ateratzea. ELAk gogora dakar Zapaterok joan den ostiraleko bileran harro erakutsi zuela CCOO eta UGT sindikatuekin lorturiko pentsioen akordioa. Europako Batasuneko Enplegu komisarioak esan du akordio hori Euroaren aldeko Itunaren ildotik doala, eta Europa osora hedatu beharko zela.

 

“Europako Batasunean egindako Itunaren ondotik badakigu denok, inork oraindik zalantzak egiten bazituen ere, zein den Negoziazio Kolektiboaren erreformaren helburua: soldatak argaltzea, eta lan-eskubideak are gehiago suntsitzea” kritikatu du ELAko arduradunak. Haren iritziz, “CCOO eta UGT sindikatuen rola, pentsioen arloan gertatu den bezala, guztiz lotsagarria izan da. Europako Batasuneko sindikatu bat ere ez da horren lagungarri agertu azken 35 urteotako politikarik gogorrenekin. Gardentasunik gabeko halako negoziazio batean parte hartzen dute, negoziazio kolektiboaren erreforma bideratzeko. Akordio horrek ere hauspoa emango die Europako politika kontserbadoreei”.

 

Novalek dioenez Euroaren aldeko Itunak “Europa mailako aitzakia emango die gobernuetako buruei, nork bere estatuan murrizketak egiteko”. Hala ere, ELAk salatzen du horrelako gaiak eta arloak gobernuen eskumenekoak direla, Itunean bertan aitortzen denez; baina gobernuek, murrizketengatik dagokien erantzukizun politikoa uxatu nahirik, aurretiaz eta borondatez ezarritako europar esparru bati men egitea erabaki dute.

 

ELArentzat argi dago sindikalgintzak ezin diola inolako babesik eman politika horri. Alderantziz, aberastasuna bidezko eran banatzeko eskatu behar da. Eta horretarako, soldaten eroste-ahalmena jaso behar da, enpleguaren kalitatea hobetu, gizarte-gastua nabarmen igo, eta zerga-sistema errotik aldatu gehikorra izan dadin.