Soldatek erosteko ahalmena galtzeko saiakera

2011/05/12
Soldatek erosteko ahalmena gal dezaten botere ekonomikoek aurrera daramaten kanpaina salatzen du ELAk. Hazkundea gero eta handiagoa bada ere, gero eta eraso gehiago dago soldatak KPIaren azpitik hazi daitezen.

Hau da soldaten igoera produktibitatearekin lotuta egon behar duela esaten dutenek nahi dutena. Izan ere, ez dute kontutan hartzen Hego Euskal Herriko langileon produktibitatea Europar Batasuneko produktibitate altuenetarikoa dela, eta soldatak baxuenetarikoak. Soldatek igoera baxuagoak izatea nahi dute.

ELAk gogorarazten du inoiz baino beharrezkoagoa dela gure aldarrikapenak mantentzea eta soldaten igoera KPIaren gainetik izatea. Prezioak %3,8 egin dute gora azken hamabi hilabeteetan. Igoera hau, hein handi batean, etxebizitzarekin loturiko indizeen prezioen igoera nabarmenarekin loturik dago (%8ko igoera izan dute urte-artean, argi indarraren igoera kontutan hartuta) eta gasolinaren igoerarekin. Soldatak ez dira prezioen igoeraren eta krisi ekonomikoaren  errudun. KPIaren azpiko soldata igoerek enpresetako kontuei besterik ez diete mesede egiten, gizartearen gehiengoaren bizi kalitatearen kaltetan.