Soldaten izoztearen aurka egin du ELAk Madrilen Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko bileran

2011/12/30
Eraso honen ondorioz azken bi urteetan enplegatu publikoek %13ko eroste-ahalmena galduko dute eta, aldi berean, behar sozialak betetzera bideratutako lanpostuak suntsituko dira.

ELAk abenduak 30 den honetan Madrilen Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko bileran parte hartu du, bertan Espainiako gobernuak sindikatuei aurten ere soldaten izoztea eta Enplegu Eskaintza berririk egitea debekatuko duenez , hau da, erretiroagatik edo beste edozein arrazoirengatik hutsik geratutako plazak ez betetzea erabaki duenez (osasungintzan, irakasleen eta defentsan ezik, arlo horietan %10eko erreposizio tasa ezarriko da), enplegu publikoaren suntsiketa inposatuko dituela adierazi die.

Eraso honen ondorioz azken bi urteetan enplegatu publikoek %13ko eroste-ahalmena galduko dute eta, aldi berean, behar sozialak betetzera bideratutako lanpostuak suntsituko dira, pobrezia eta gizarte-bazterketa handitzen ari diren momentu honetan sortutako behar sozialak hain zuzen.

Administrazio guztiak zerbitzu publikoek ordezkatzen dituzten ondasun komunak deskapitalizatzen ari dira finantza sistemaren eta patronal nagusien mesedetan. Enplegatu publikoen aurkako erasoa enpresa pribatuen irabazi-tartea handitzeko zerbitzu publikoak (osasuna, hezkunza, zerbitzu sozialak...) doitzeko modu bat besterik ez dira. Nolabaiteko zerbitzu publikoen sarraskitze-esparru baten aurrean gaude, bertan gizartearen gehiengoa sakrifikatu egiten da gutxi batzuk aberasteko, aurkitzen garen egoera tamalgarria eragin dutenak hain zuzen.

Sakrifizio hauek inolako lotsarik gabe defizit publiko altuaren ondorioz egin beharreko doiketetan arrazoitzen dira ondasunen gaineko zerga ez berrezartzea edo bankuei dirulaguntza berriak aztertzen ari diren momentu berean, gobernuko kideek erabaki hauek koherentziaz hartzen dituzte, gobernuan sartu aurretik finantza-erakundeetan ari ziren gobernukideak eta gobernura iristean finantza-erakundeentzat lan egiten duten gobernu-kideek hartuak baitira.

Espainiako gobernuaren inposaketak berriz ere euskal administrazioak interpelatzen ditu, Euskadiko eta Nafarroako gobernuak, Foru Aldundiak eta toki erakundeak, eremu publikoaren gain finantza-erakundeek eragindako gehiegikeriak ezarri nahi dituen politika neoliberal hauen aurka bere autonomia babesteko interpelazioa.

Neurri hauek, gainera, 2009an CCOO eta UGTk gobernuarekin itxitako akordioaren ez-betetze berriak dira eta, beste behin, erakusten dute gizarte elkarrizketa gobernuaren ekintza zilegitzeko eremu bat besterik ez dela eta politika hauek aldatzeko modu bakarra sindikalgintza alternatiboa indartzea eta gizarte mobilizazioa dela, ELAk alternatiba honekin konpromiso osoa du eta bere ahaleginean jarraituko du, zentzu honetan, ELAk bultzatutako urtarrilak 26ko manifestazioek eta EAEko Mahai Orokorreko sektore guztietan otsailak 9ko lanuzteak are zentzu handiagoa dute eta Nafarroan mobilizazio horiek bultzatzeko ahalegina egingo dugu. Jarraipena izan behar duten mobilizazioak eta indartsuak izango diren mobilizazioak martxoko Aurrekontuetan eskubide sozial eta lan-eskubideen murrizketa berririk eman ez dadin .