Sondika eta Zamudiko lorezainak greba mugagabean

Baldintza horiek Udaletxeak bi urteren buruan lehiaketara aterako duen esleipen prozesuan jasotzeko konpromisoa ere eskatzen dute; gainontzean ez dute euren lan baldintzen bermerik sekula izango.
Langileek eskatzen dutena neurrikoa eta onargarria da enpresa zein Udalentzat. Eduki duineko hitzarmena eta bermeduna da eskatzen dutena. Horretarako Madrilgo azken lan erreformen edukiak alde batera utzi eta zenbait hobekuntza jasotzen duen plataforma aurkeztu dute. 2016 eta 2017 urteetarako eskatzen dena hurrengoa da: aldi baterako gaixotasunak %100 kobratzea, asteko 35 orduko lanaldia eta toxikotasun plusa hobetzea, besteak beste. 2018Ko hobekuntza horiez gain soldata igoera eskatzen da.
Abenduan jarri ziren harremanetan bi herrietako alkateekin eta maiatzean aurkeztu zieten hitzarmen eskaera Enviser enpresari eta bi Udalei. Orduz gero baina, ez da borondaterik egon langileen eskubideak hitzarmenean jasotzeko, ez udaletxeen partetik ezta Enviser enpresaren partetik ere. Irailaren 5an greba hasi baino lehen, bi greba deialdi bertan behera utzi zuten langileek, gatazka honetan ardura dutenei denbora emateko asmoz. Baina oraindik orain ez Enviserrek eta ez Udalek ez dute euren ardura beregain hartu.
Udalak eta Enviser dira gatazka honetako arduradunak. Udalak, eurentzako zerbitzua eskaintzen dutelako eta zerbitzu hori era honetan azpikontratazea erabaki dutelako, langileen lan baldintzak bermatu beharrean enpresen irabaziak bermatuz. Eta Enviser, bere enpresa irabaziei muzin egin ez eta langileen lan baldintzak okertuz esleipenaren jabe egiteagatik. ELA sindikatuak halako egoerei amaiera emateko beste alternatibarik ez du ikusten eta Sondika eta Zamudioko lorezainek hitzarmen propioa izan arte greban jarraituko dute.