Sorturiko enplegua gero eta prekarioagoa izaten ari da

2016/01/28
2015. urteko laugarren hiruhilekoan Hego Euskal Herriko langabezia 173.900 pertsonatakoa izan da, %13ko langabezia tasarekin. Aurreko urtearekiko, 3 ehunekotan murriztu da tasa (%16,2koa zen orduan), 46.600 lagun gutxiago daudelarik langabe.

Baina joera hori ez da kolektibo guztietan eman: besteak beste, 55 urtetik gorako langabeen kopuruak gora egin du 1.200 pertsonatan, 20.200era iritsiz.

Gazteen langabezia murriztu egin da 1.000 lagunetan (26.500era arte) ez enpleguaren sorreragatik (1.900 langile gazte gutxiago baitaude), baizik eta lana bilatzeari utzi diotelako askok. Horrela, gazteen langabezia %42,3an kokatu da, urtebete lehenago %42 zenean.

Epe luzeko langabezia ere zeozer hobetu da, urtebete lehenagoko %63tik 2015 itxierako %60ra murriztu egin baita.

Enpleguaren sorrera (20.500 gehiago 2014an baino), gainera, ia soilik gizonengan eman da: 17.000 gehiago daude lanean, eta jada 617.400 dira. Emakumelangileak 541.800dira, beraz, 1.159.300 langile dadude Hego Euskal Herrian 2015 amaieran.

Baina sorturiko enplegua gero eta prekarioagoa izaten ari da: 2015ean egindako kontratuen ia %94 behin-behinekoak izan baitira HEHn. Horrela, lan egiten dutenen tenporalitate tasa %24,5ean kokatu da (%22,1 gizonetan eta %26,8 emakumeetan).

Lanaldi partzialean lan egiten dutenen ehunekoak bere horretan jarraitzen du, okupatuen %18,2 lanaldi murritzeko kontratu batekin baitago lanean. Kasu honetan emakumeek pairatzen dute partzialitatea batez ere, emakume langileen %30,6 horrelako lanaldiarekin baitago (gizonen kasuan %7,4 den bitartean).