Sortzen den enplegua oso murritza izateaz gain, gero eta prekarioagoa da
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako urriko datuek Hego Euskal Herrian 196.595 pertsona langabezia egoeran izen emanda daudela zehazten dute: 154.599 lagun Euskal Autonomi Erkidegokoak dira eta beste 41.996 Nafarroako Foru Erkidegokoak.
Hori dela eta, langabezia mailak berean jarraitzen du, aurreko hilabetean baino 70 pertsona gutxiago baitaude langabezian erregistraturik. Kasu honetan, joera ezberdina eman da bi erkidegoetan, EAEn langabe kopurua 823 pertsonatan jaitsi den bitartean Nafarroan 753tan igo baita.
Gazteen langabeziari dagokionez, 13.148 gazte langabe daude HEHn (4.040 Nafarroan eta 9.108 EAEn); honetan ere kontrako joerak ageri dira lurraldeka aurreko hilabetearekin alderatu ezkero: EAEn 1.427 gazte langabe gutxiago daude eta Nafarroan 23 gehiago.
Kontratazioari dagokionez, datuak kezkagarriak dira oraindik ere: irailean egindako kontratu mugagabeak 7.487 izan ziren eta behin-behinekoak 109.794; beraz, egindako kontratuen %93,6a epe baterako kontratuak izan dira, eta soilik %6,4a mugagabeak. Gazteen kasuan, kontratazioaren 95,6%a tenporala da.
Urri amaieran argitaratu diren hirugarren hiruhileko datuak ikuskatuz, Hego Euskal Herriko langabezi tasa %13,7an kokatzen da (gazteen kasuan %39,2an) eta azken hilabeteetako joerak ez gaitu Europar Batasuneko azken postuetatik mugitzen, ehuneko altuenetakoak baititugu (bigarren hiruhilekoan batezbesteko langabezi maila %9,5koa baitzen, eta gazteena %20,4koa). Prekarietateari dagokionez ere, Europako egoera makalenetako dugu.
Gainera, irailean langabezia egoeran zeuden 196.665 pertsonetatik soilik 79.662k jaso zuten prestazioren bat; hau da, langabeen %59,5ak ez zuen inolako prestaziorik jaso bere langabe egoeragatik; are gehiago, ehuneko hau gorantza doa azken urteotan, eta ez dirudi joera aldatuko duenik. Langabe bakoitzeko prestazioen gastua kalkulatu ezkero, ongizate estatuak 426,64 euro bideratzen ditu langabe bakoitzeko Hego Euskal Herrian.
Hori dela eta, argi geratzen da egoera oso larria dela oraindik ere, langabezia maila jasangaitzekin eta prekarietate maila altuegiekin. Gainera, BPGaren hazkundea egon arren, ez da aberastasunaren banaketa justurik ematen eta ez da ia enplegurik sortzen, eta sortzen den enplegua oso murritza izateaz gain, gero eta prekarioagoa da.