SOS Deiak eta Trafikoa arreta zerbitzuetako langileek kontzentrazioa egin dute lan baldintza duinak eskatzeko

112 eta 011 zerbitzuetan Contact Centerren estatuko hitzarmena aplikatzen da: urtean 365 egun, egunean 24 ordu, goiz, arratsalde eta gaueko txandetan, urteko soldata gordina 16.000 eurora ere iristen ez delarik. Eusko Jaurlaritzak baldintza-agirietan ez du inolako ñabardurarik egiten zerbitzu horiek duten garrantziaz. Hori gutxi ez, eta %100eko gutxieneko zerbitzuen bidez langileen greba eskubidea blokeatzen dute, dituzten baldintza eskasak salatzeko mobilizatzea galaraziz. ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek mobilizazioak antolatu dituzte egoera hori salatzeko eta gizarteari euren egoeraren berri emateko. Larrialdi zerbitzua, errepideen kudeaketa bezalaxe, gizartearentzat funtsezkoa da, baina administrazioari bost axola zaio enpleguaren kalitateak eta egonkortasunak, baita langileek pairatzen dituzten baldintzak ere. Horregatik antolatu dute aurreneko elkarreratzea, protesta gisa.