EUSKALTEL

SOS EUSKALTEL

2024/10/24
Istorio bat kontatzeko bi modu nagusi daude: hasieratik edo amaieratik. Has gaitezen azken kapitulutik. Irailaren hasieran, MasOrange Taldeak –Euskaltel talde horretako kide da– Frantziako multinazionala osatzen duten sozietateetako 796 pertsonari, euren borondatez, eragingo zien Estatu mailako EEEa iragarri zuen. Hala ere, errealitatea beste bat da. Mezu gozo horretatik urrun, enplegu-erregulazioko espediente hori ez da borondatezkoa izango, eta eragin berezia izango du “euskal teleoperadoreko” langileengan, Euskaltelen etorkizuna larri mehatxatuz. Horrela, Euskalteleko plantilla 276 langiletik 237ra pasatuko litzateke; edo, bestela esanda, 39 kaleratze izango lirateke, egungo plantillaren % 14a, hain zuzen ere. (Oharra: ez dezagun ahaztu duela hamarkada bat Euskaltelek 600 langile zituela).

Zer adierazten du MasOrangek kaleratze horiek justifikatzeko? Joan den martxoan Orangek eta Más Móvilek bat egin zuten MásOrange sortzeko. Azpimarratu behar da Espainiako Gobernuak onartutako batasuna izan zela. Bat egin eta urte erdira, MasOrangek argudiatu du plantillen integrazioak “antolaketa-bikoiztasunak” sortzen dituela, eta Estatuan 796 langilerentzako enplegu-erregulazioko espedientea behar dutela, horietatik 39 Euskaltelekoak.

Deiane Arrieta Eskumaldeko Industria eta Eraikuntza federazioko arduraduna da –Euskaltelen egoitza Zamudio Parke Teknologikoan dago–; Sergio Vázquez Industria eta Eraikuntza zuzendaritzako kidea da. Biak dira ELAren arduradunak Euskaltelen. Arrieta eta Vazquez kezkatuta agertu dira enplegu-erregulazioko espediente horrek izan ditzakeen ondorioengatik.

“Kontsultaldia urriaren 17an amaituko da. (Aldizkari hau urriaren 14an inprimatu zen). Hala ere, apustu-etxeetan kotizatu ere ez da egiten akordioa egongo denik eta CCOOk, UGTk eta Feticok espediente hori bermatuko dutenik. Zergatik gaude hain ziur horrela izango dela? Hemeroteka errepasatu besterik ez dago. 2021eko Orangeko EEEa, 2023ko Movistarrekoa eta 2024ko Vodafonekoa. EEE horiek guztiak UGTren eta CCOOren sinadurarekin abalatuta egon dira. Salbuespenik gabe”.

Euskal Herrian negoziatzearen garrantzia

Madrildik ezer onik espero daiteke, estatu mailako negoziazio sindikalei buruz ari bagara behintzat. Horrek erakusten du oso garrantzitsua dela lan-baldintzak Euskal Herrian negoziatu ahal izatea. “Euskaltelen 13 ordezkaritik 3 ditugu. Egia da ez garela gehiengoa, baina ordezkaritza sindikala izateak eragina izatea eta langileentzat beharrezkoak izatea ahalbidetzen digu. Hala ere, Orange eta Más Móvilen bat-egitearekin MásOrange taldean ez dugu ordezkaritzarik estatu mailako negoziazio mahaian. Langileen aldetik lan-erregulazioko espedientea negoziatzen ari diren hamahiru pertsonak CCOO, UGT eta Fetico sindikatuetakoak dira”.

“Madrilgo negoziazio mahaitik kanpo gaudenez, egia da ez daukagula Euskal Herrian izango genukeen ez informaziorik, ez eragiteko gaitasunik. Hala ere, ez da oso zaila kontsultaldia nola amaituko den jakitea. Izan ere, enplegu-erregulazioko espediente hori sinatzeko eta langile horiek kaleratzeko, enpresak konplizeak behar ditu. Ez dago EEEa bermatzen duen arrazoirik. Bat ere ez. Ez dago antolaketa-arrazoirik, ezin duzulako inor kaleratu bi enpresak bat egiteagatik bakarrik, legez kanpokoa da. Arrazoi ekonomikorik ere ez dago, ez du zentzurik. Orange multinazionalak 3.000 milioi euro baino gehiagoko irabaziak izan zituen iaz. Era berean, ez dago EEEa bermatzen duen ekoizpen-arrazoirik”.

“Orduan –jarraitzen dute Arrietak eta Vazquezek– 795 pertsonak –Euskalteleko 39– EEEan borondatez sartuko direlaren kontua saltzen digute, eta hori gezurra da. Modu batera edo bestera saldu, kaleratzeei buruz ari gara, eta kaleratze horiek sigla jakin batzuk dituzten konplizeak dituzte”.

Nola iritsi gara honaino?

Hau duela ia 30 urte hasi zen istorio baten azken kapitulua (edo azken-aurrekoa) izango litzateke. Istorio hori lehen kapitulutik errepasatzea komeni da, baina ezer baino lehen Deiane Arrietak eta Sergio Vazquezek hausnarketa ideologiko laburra egin behar dela uste dute.

“Irakasleak bagina eta neoliberalismoa zer den azaltzeko esango baligute, Euskaltelen adibidea jarriko genuke. 1995ean kapital publikoarekin sortu zen –kapitalaren % 60a Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxen esku zegoen, eta % 40a Eusko Jaurlaritzaren esku– eta hiru hamarkada geroago gaizki saldu, xurgatu eta Orange bezalako multinazional frantziar batean desegin zen. Izan ere, akziodun nagusia Frantziako Estatua duen multinazional batek akzioen % 30a kontrolatzen du. Argi dago Frantziako Gobernuarentzat garrantzitsua dela enpresa estrategikoetan parte hartzea. Ondarea galdu dugu herri gisa, batzuek poltsikoak milioika eurorekin bete ditzaten. Eta badakigu nori buruz ari garen”.

Arrietak eta Vazquezek egiten duten gertakarien kronologiak erakusten du enpresa publikoaren kontzeptuak oso gutxi iraun zuela Euskaltelen kasuan. “Euskaltel 1995ean nola sortu zen komentatu dugu. Bada, ezer ez, berehala egin zitzaion leku kapital pribatuari. Hori bai, EAEko erakundeen kontrol argia zegoen, aurrezki-kutxen eta Eusko Jaurlaritzaren bidez. Hala ere, kapital pribatuaren sarreraren ondorioz, kontrol publikoaren ehunekoa gutxituz joan zen. 2005ean, Aurrezki-kutxek kapitalaren % 63,86a zuten, eta Eusko Jaurlaritzak, berriz, % 7a baino ez, EITBren eta Energiaren Euskal Erakundearen bidez”.

Kapital publikoa gero eta gutxiago eta pribatua gero eta gehiago

2012. urtea funtsezkoa izan zen Euskaltelen desegite-prozesuan. Urte horretan, Kutxabankek –jada banku bihurtuta– eta Eusko Jaurlaritzak, zituzten akzio gehienak saldu zituzten. Horrela, lehen aldiz, Euskaltelen kapitalaren gehiengoa esku pribatuetan geratu zen: Kutxabankek % 49,9a baino ez zuen kontrolatzen. Gainerakoa Internacional Cable BVk (% 48,1) eta Iberdrolak (% 2) kontrolatzen zuten. Izan ere, Internacional Cable BV zerga ordainketa saihesteko operazio honetarako propio sortutako sozietatea zen.

“Hortik aurrera, narriadura etengabea izan da. 2019an Eusko Jaurlaritzak ez zuen akzio bakar bat ere kontrolatzen, eta Kutxabankek kapitalaren % 20a baino gutxiago zuen. Kapitalaren % 80a baino gehiago inbertsio-funtsen edo bestelako inbertitzaile pribatuen esku zegoen. Putre-funtsak, espekulatzaileak, brokerrak... Tira, etxe bakoitzeko onena. Zegona inbertsio funts britainiarrarekin gertatutakoa jatorri publikoko enpresekiko lagun arteko neoliberalismo horren adibide garbia da. Urte horretako, 2019ko, apirilean, Zegona bihurtu zen Euskaltelen lehen akzioduna, akzioen % 20,94arekin. Zegonak 200 milioi euro inguru ordaindu zituen akzio horiengatik; bi urte geroago, 2021ean, Zegonak 600 milioiren truke saldu zituen akzio horiek. Hau da, 400 milioi euroko irabaziak izan zituen, eta, kasu askotan, diru horrek Euskaltelen pribatizazioan aurretik lagundu zuten arduradun politiko ospetsuen poltsikoetan amaitu zuten. Euskalteleko zuzendari nagusiek, adibidez, 65 milioi euro baino gehiago banatu dituzte bonusetan pribatizazio prozesu horretan: 41 milioi euro 2015ean, konpainia burtsara atera zenean, eta beste 26 milioi 2021ean  Masmovili akzioak saldu zitzaizkionean. Eta hori guztia gertatzen zen bitartean, murrizketak aplikatzen zituzten enpleguan eta langileen lan-baldintzetan”.

Desegiten ari den proiektua

Aurrera goaz. 2021ean, MásMóvil Taldeak, Donostian egoitza duen Kaixo Telecom filialaren bidez, Euskaltelen kontrako EEP bat kaleratu zuen. Eragiketa horrek MásMóvil Taldea Estatuko laugarren operadore gisa finkatzeko balio izan zuen, 14 milioi linea baino gehiagorekin, taldea osatzen duten marka ugarien bidez: Yoigo, Pepephone, MásMovil, Lebara, Lyca Movile, Virgin Telco, R, Telecable, Guuk edo Euskaltel, adibidez.

“Hemen –nabarmendu dute Sergio Vazquezek eta Deiane Arrietak– negozioak eta milioidunak gero eta milioidunago izateak bakarrik du garrantzia. Euskaltelen kontrako 2021eko EEP horretan, MasMovilek bete ez dituen hainbat gauzarekin konpromisoa hartu zuen, hala nola Euskaltelen plantillari gutxienez 2026ra arte eustea. Interesatzen zaien gauza bakarra negozioa da, bost axola zaie euren konpromisoa ez betetzea”.

“Horrela, –jarraitu dute– martxoan Orange multinazional frantsesarekin bat egin zuten MasOrange Taldea sortzeko. Movistar eta Vodafonerekin batera, Estatuko telekomunikazio enpresarik garrantzitsuena da. Estatuan bezero mugikor gehien dituen operadoreaz ari gara, 30 milioi linea baino gehiago baititu. 18.600 milioi euroko balioa duen sozietate baten aurrean gaude”. Hemendik aurrerako istorioa erreportaje honen hasieran dago idatzita.

Zergatik saldu dute proiektu estrategiko bat?

Datuak, izenak, enpresak, akzioak eta milioi askoko negozioak alde batera utzita, Sergio Vazquezek eta Deiane Arrietak uste dute beharrezkoa dela gertatutako guztiaren irakurketa politikoa egitea.

“ELAn telekomunikazio-sistema publiko eta kalitatezkoa defendatzen dugu, gure herriarekin konprometitua eta zerbitzua, enplegua eta lan-baldintzak bermatuko dituena. Euskaltel ustez helburu horrekin sortu zen, baina Eusko Jaurlaritzari oso gutxi iraun zion apustu horrek. Laster saldu zituen akzioak. Baina, gainera, kontua ez da bakarrik akzioak saldu izana, aldi berean, langileak eta haien lan-baldintzak ere saldu zituzten”.

“Euskaltel bezalako teleoperadore bat sortzeak ahalegin handia eskatzen du. Sare asko eraiki behar dira, milioika etxetara iritsi, sareak behar bezala funtzionatzeko behar diren azpiegiturak egin… Bada, hori guztia daukazunean, diru publikoa duen telekomunikazio-sistema eta herrialde-marka gisa balio duena, joan eta gaizki saltzen duzu. Gutxi batzuek poltsikoak goraino bete dituzte herrialde baten proiektua suntsitzearen truke”.

Euskal neoliberalismoa

Zoritxarrez, Euskaltelen kasua ez da neoliberalismoak Euskal Herrian nola funtzionatzen duen ulertzeko bakarra. Vazquezek eta Arrietak beste kasu paradigmatiko bat nabarmendu nahi dute, lehen begiratuan desberdina dirudien arren, Euskaltelekin lotura zuzena duena. Kutxabanki buruz ari gara.

“Kutxabanken bankarizazio- eta pribatizazio-prozesuaren kronologia egiten baduzu, konturatzen zara data gako batzuk bat datozela denboran. Hemen berdin dio Eusko Jaurlaritzan nor dagoen, EAJ, PSE PPren babesarekin edo berriro EAJ PSEren babesarekin, adostasun argia baitago. Kutxabank eta Euskaltel Urkullu edo Patxi López Lehendakari izanda pribatizatu dira. Orain ez dute Euskalteli buruz ezer esaten, hemen inork ez daki ezer. Koroaren harribitxietako bat suntsitu dute, baina inork ez du autokritikarik egiten, inork ez du ezer egiten. Botere politikoa da gertatutako guztiaren erantzulea, ez litzateke horrelakorik gertatu izango gobernatzen gaituztenen parte-hartze konplizerik gabe. Euskaltelen suntsiketaren aurrean gaur egun isilik dauden horiek dira lehen euskal konpainia zenaren egoera korapilatsua eragin duten erabakiak hartu zituztenak”.

SOS EUSKALTEL

Euskaltelen egoera kritikoa da, eta, beraz, ELAko arduradunek antolatzeko eta borrokatzeko beharra dagoela nabarmendu dute. Antolatu egin behar gara, gertatu den guztia salatu eta jendearen zerbitzura dagoen telekomunikazio-sistema publikoa izateko borrokatu. Gero eta gutxiago geratzen da jatorrizko proiektu hartatik, jatorrizko ideia hartatik.

“Agian norbaiti SOS bat jaurtitzea gehiegizkoa dela irudituko zaio, baina ez. Eta orain arte Euskalteli eta zuzeneko enpleguei buruz baino ez dugu hitz egin. Ezin dugu ahaztu hainbat azpikontratatan lan egiten duten milaka pertsona daudela eta horien etorkizuna ere zalantzazkoa dela. Ezin dugu onartu Euskaltel gero eta egoera okerragora eramaten jarraitzea”.

 

*****

Azpikontratetan ere, egoera larria

Larria da egoera Euskaltelen. Eta larria da ere berarentzat lan egiten duten edo lan egin duten azpikontratetan ere. Horren lekuko Euskalteleko sarearen instalazio eta mantenu lanak egiten zituen EKTrekin gertatutakoa. Duela hamarkada bat, 2014an, Euskaltelek zerbitzu hau kanporatu zuen. Ordutik hona ZTE Managed Services Souther multinazional txinatarrak kudeatzen du zerbitzu hau. 2014 urtean Euskaltelek 133 langile bideratu zituen ZTE Managed Services Southerrera. Hamar urte geroago ZTEk jada ez du Euskalteleko sarea instalatzen, eta Laguntza Teknikoko Zerbitzua multinazionalak Xixonen duen lantokitik bideratzen da. Erabaki honek ondorio larriak izan ditu enpleguari dagokionez: EKTtik ZTEra joandako 133 langileetatik soilik 52 jarraitzen dute lanean. ZTE ia 200 langile izatera heldu zen, baina egun ez dira ehunera heltzen bertan diharduten langileak, multinazionalak lan kargaren parte nabarmena beste leku batera eraman duelako.