Sozietateen gaineko zerga dezente jaitsi nahi du Círculo de Empresarios Vascos elkargoak

2015/12/17
Círculo de Empresarios Vascos elkargoak argitara eman zituen atzo bere politika fiskalaren proposamenak. Eta horien artean daude sozietateen gaineko zerga dezente jaistea, PFEZ errenta handiei jaistea, eta ondarearen gaineko zerga kentzea.

ELAk gaitzetsi egiten ditu horrelako neurriak, dirudunik handienei eta Circuloko zuzendariei baino beste inori mesede egiten ez diotelakoan. Gainera, horrela, oraingo sistema fiskala bidegabea bada, are bidegabeagoa izango litzateke. Gaur egun enpresek, batez beste, etekinen %14,9 ordaintzen dute sozietateen gaineko zergaren bidez (gehien irabazten dutenek %6). PFEZen aitorturiko diru-sarreren %90 lanaren errentetatik datoz. Eta soldatakoak ez diren errentetan zerga-iruzurra oso hedaturik dago.

Politika fiskal bidegabe horren ondorioz Euskal Herriko presio fiskala askoz txikiagoa da Europako batez bestekoa baino. Zehazkiago, Europako batez bestekoaren parean jartzeko, EAEn 6.000 milioi inguru gehiago bildu beharko ziren urtean, biltzen direnak baino.

Beraz, politika fiskala goitik behera aldatu beharra dago, baina CEVk proposatzen duen norabidearen kontrakoan. ELAk agerian utzi nahi du enpresarien lobby horrentzat zerga-iruzurra edo sistemaren bidegabekeria ez omen direla kezkagarriak.

ELAren iritziz, enpresarien elkargo hori horrelako proposamenak agertzera ausartzeko, pentsatzekoa da herri-erakundeen babespean dabiltzala. Izan ere, Alfonso Basagoitik, Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu izandakoak, esan zuen euskal ogasunetako arduradun politikoekin dituzten harremanak oso onak direla, eta zera gaineratu zuen “EAJren ekonomia-ereduarekin bat datozela”.