STEE-EILAS, ELA eta LAB sindikatuen adierazpen publikoa irakasle bitartekoen egonkortasun konpromisoa eta hizkuntza eskakizunei buruz

2004/06/16

Azken egunotan komunikabide eta ikastetxeetara bidalitako panfletoen bidez irakasleriari nahiz gizarte orori helarazitako irakasle bitartekoen egonkortasun konpromisoari buruzko aurre-akordioaren inguruko hainbat informazio ikusita, gai honi behar moduan heltzeko ezinbestekoak diren ondoko zehaztapenak egin nahi dituzte STEE-EILAS, ELA eta LAB sindikatuek:

  1. Euskal hezkuntza sistemaren irakasle bitartekoekiko egonkortasun konpromisoa lorpen sindikal historiko bilakatu da, estatu mailan parekorik ez daukana eta hiru sindikatu hauen lanari esker, besteak beste, irabazitakoa.
  2. Lehendabiziko egonkortasun konpromisotik hona, beronen baldintzek, irakasle funtzionarioekiko parekotasun mailak eta kupoak hobera egin dute argi eta garbi, 2002ko akordioan 1.500 irakasle egonkor lortuz eta aurtengo aurre-akordioa kupo berbera finkatuz.
  3. Egonkortasun konpromisoa eta beronen finkapenaren oinarri legal bakarra hurrenez hurreneko akordioetan baino ez datza. Hauetan jasotzen dira, ezinbestean, konpromisoaren eskakizunak, baldintzak eta iraunaldiak.
  4. Irakasle bitartekoen gehiengo zabalak oso ondo baloratu du egonkortasun konpromisoa, baita urteotan zehar garaturiko eboluzioa ere.
  5. Hizkuntza eskakizunaren derrigortasuna irakasle guztiak nahiz hezkuntza sistema osoa agintzen dituen 1993ko Dekretutik datorkigu. Baldintza hau 1998ko egonkortasun akordioan azaltzen zen jada, hots, konpromisoa beraren jatorritik, eta bertan 2001. urtea ezartzen zen kreditatzeko gehienezko epe-muga. Ondoren, STEE-EILAS, ELA eta LAB sindikatuek 2002an sinaturiko akordioak epe-muga hori luzatu zuen eta honen ondorioz inolako hizkuntza eskakizunik kreditatu ez zuten irakasle bitarteko egonkorrek ez zuten egonkortasuna galdu eta, beraz, baldintza hori betetzeko epea beste urte bitan luzatu zien.
  6. Akordio hauek inoiz izenpetu ez duten sindikatuak, CCOO eta UGT, alegia, badira gatazka gehien sortzen ari direnak. Erdi-egietan zein gezur argiak hedatuz, beraien onerako soilik eta ez, aldiz, defendatu beharko lituzketen irakasleen inongo onurarako, istilu larriak ari dira bultzatzen era guztiz interesatua eta sektarioan.
  7. Gure %62ko gehiengo sindikala aurre-akordio hau legitimatzeko nahikoa ez dela sindikatu bi hauek esaten dutenean, guk, aldiz, gogoan dauzkagu era guztiz objektiboan irakasleri ororen kalterako diren beraien %20ko gutxiengo absolutuarekin bermaturiko bestelako neurri batzuk. Portzentuen eta gehiengoen euren irizpide eta interpretazio ezberdinek inteligentziaren kontrako atentatu hutsak dira.
  8. Badirudi ahaztu egiten dutela legeak bermatzen dizkigula maila bereko hizkuntza ofizial bi eta hezkuntza sistema osoaren eginkizuna eta betebeharra direla bata zein bestearen erabilera normalizatua eta ezagupena. Beraz, euren ustezko hizkuntza diskriminazioan oinarrituriko argudioa, guztiz faltsua izateaz gain, ezin da mantendu gizarte osoaren hizkuntza biak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidearen gainetik edo kontra.
  9. Argudiatzen duten errealitate soziolinguistikoa da, hain zuzen ere, euskaraz ikasteko eskaera sozial gero eta zabalagoari erantzutera behartzen duena. Hau oso nabaria eta uko ezina da D ereduen urtez urteko goranzko bilakaeran, zeini euskal eskola publikoak ezin dion muzin egin, edo batzuen interes partikularrak eta erabilera politikoak horren gainetik jarri.
  10. Irakasle guztien egonkortasuna eta bitartekoena bereziki zerbitzua egiten dioten gizartearen hezkuntza beharrizanei era egokian eta emankorrean erantzuten dieten heinean defenda daitezke soilik. Kontrakoa esatea demagogia hutsa da eta, gainera, printzipiozko kontraesan ikaragarria egonkortasun konpromisoa bere osotasunean kolokan jarriko lukeena. Zer esanik ez etengabe eskatzen gabiltzan kupoaren gehikuntza.

Enplegu egonkorra eta kalitatezkoa zein irakasle guztien lan baldintzen hobekuntzaren defentsa da, hain zuzen ere, gure ekimen guztien funtsezko ardatza eta zergatia, gutxi batzuen kritika bortitzak eta ganora ezaren aurrean ere.

Azkenik, dei egiten diegu hezkuntza arloan aritzen diren pertsona, eragile eta agintari guztiei beharrezko erantzukizun soziala, sindikala eta hezkuntzakoa adieraz dezaten, edozelako interes partidista eta sektario guztien gainetik. Baita informazio motzak islatzen dituzten komunikabideei ere, dohaineko gatazka eta nahaste gehiago sor ez ditzaten, azken finean irakasle guztiei eta gure hezkuntza sistema osoari lagundu barik kalte handia baino ez diete egiten jokabide maltzur hauek.