ELA, STEE-EILAS eta LAB-ek irakaskuntza publikoko murrizketak salatu dituzte

2011/05/27
2010eko udan eman zion jarraipena Hezkuntza Sailak irakaskuntza publikoan murrizketak eta politika baztertzailea gauzatzeko bideari. Krisiari aurre egiteko aitzakian hartu zituen neurri murriztaileak, eta langileen ordezkaritzaren gutxiengoa zuten sindikatuekin sinatu zuen Lan akordioa Hezkuntza Sailak.

Gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok gogor salatu genituen urrats hauek, baita hezkuntza politikan administrazioak ezarritako ikuspegi alderdikoi eta atzerakoia 

Otsailaren 16ko hauteskunde sindikaletako emaitzek indartu egin zuten Hezkuntza Sailarekiko irakasleen jarrera kritikoa eta gehiengo sindikalaren ekimena. Horretan oinarrituta, behin eta berriro exijitu diogu administrazioari egoera berri hori aintzat har dezala eta negoziazio prozesu berria ireki dezala, demokratikoki erabateko gehiengoa (%75) dugun sindikatuekin. Horretarako, Mahai Sektorial berria osatu eta bertan Lan Hitzarmen berri baten negoziazio egutegia zehazteko eskaera luzatu genuen orain hilabete eta erdi.

Hezkuntza Sailak, ordea, beste aldera begira jarraitzen du, ez du inolako urratsik eman norabide honetan eta berean jarraitzen du. Ez hori bakarrik, alde bakarreko neurri erasotzaileekin jarraitzen du. Adibide garbiena datorren ikasturteko esleipen prozesuari begira gauzatu nahi duen egutegiarena da, abuztuaren 8tik aurrera dantzan jarri nahi ditu milaka irakasle. Horietako gehienak abuztuko azken egunera arte ez dute jakingo zein izango den euren lanpostua datorren ikasturtean.

Ikastetxeetako plantillak zehazteko prozesuari buruz ez du inolako asmorik negoziazio prozesu berririk irekitzeko eta murrizketen irizpideak gogortuko direlako susmoak ditugu. Administrazioaren asmoak ez dira hemen amaitzen   eta jarraipena izango dute ordezkoen lan baldintzen eta araudiaren inguruan gauzatu nahi dituen neurri gogorrekin.

Beraz, gehiengo sindikala osatzen dugun ELA, STEE-EILAS eta LAB sindikatuok irakasleei, eskola komunitateari eta iritzi publikoari jakinarazi nahi diogu irakaskuntza publikoan ezarri diren murrizketak eta lan baldintzen kaskartzea ez dugula onartzen, Hezkuntza Sailak itxi gabeko gatazka  hau usteltzen utzi nahi duela eta ez dugula baztertzen mobilizazio bidea, bai  ikasturte amaitu aurretik, baita hurrengo ikasturtearen hasieran ere.

Bitartean, dei egiten diegu lankideei ikastetxe bakoitzak bizi duen egoeraren azterketa egin dezaten eta honen berri gurasoei luzatu diezaioten. Era berean,  plantillen negoziazioaren inguruan dituzten proposamenen eta aldarrikapenen berri eman diezagutela eskatzen diegu.

Hezkuntza Sailari, berriz, argi esan nahi diogu gatazkak baduela konponbidea eta hiru sindikatuen aldetik erantzunik jaso gabe dagoen proposamena berresten dugula:

1.- Irakasle Funtzionarioen Mahai Sektoriala osatzea, izandako emaitzak egiaztatuz.

2.- Indarrean dagoen zilegitasunik gabeko lan-akordioaren benetako birnegoziatzea, horretarako egutegia zehaztuz.

3.- Ordezkapenen araudia, plantilla eta soldata mailako murrizketak bertan behera uztea. Seiurtekoen kapitalizazio sistema berriro indarrean jartzea.

4.- Bakerako Hezkuntza, Eskola 2.0 eta Hiru eleko Hezkuntza Markoa egitasmoen inguruko hausnarketa, eztabaida eta adostasun zabalak lortzeko prozesuak irekitzea, eragileen, ikastetxeen eta langileen parte hartzea bermatuz.

Gehiengo eta gutxiengoaren arteko joko demokratikoari muzin eginez erabat baztertuak utzi gaitu administrazioak orain arte, baina ez dugu atzera egingo negoziaziorako eskubidearen defentsan.