Suhiltzaileen Legearen kontrako manifestazioa

2015/12/16
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako suhiltzaileek ezezko borobila eman diote beste behin uztailean Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen Suteen Prebentzio eta Itzaltze eta Salbamendurako Lege Proiektuari. Gaur Bilbon egindako manifestazio jendetsuarekin azken asteetan suhiltzaileek garatu duten mobilizazio egutegiaren lehen faseari amaiera eman zaio.

ELAko arduradun Ekaitz Oiangurenek salatzen duenez, Eusko Jaurlaritzak aldebakarrez landu du lege hau, suhiltzaileekin eta beraiek ordezkatzen dituzten sindikatuekin ezertarako ere kontatu gabe. Erabilitako moduak salatzeaz gain, Oiangurenek gogor kritikatzen ditu lege honen edukiak. “Lege honen helburua suhiltzaile zerbitzu publikoa pribatizatzea da. Eta, agerikoa den bezala, honek lan-baldintzen prekarizazioa ekarriko du: lanaldi partzialak sustatzen dira eta interinitateari ez zaio inongo mugarik jartzen. Agerikoa den bezala, lege honek ezinegon nabarmena sortu du suhiltzaileen artean. Legeak ez du suhiltzaile zerbitzuaren funtzioak eta helburuak zeintzuk diren argitzen, administrazioaren diskrezionalitatea indartuz. Lege hau ez da ez suhiltzaileek ez eta euskal gizarteak behar dutena, horren garrantzitsua den zerbitzu honen kalitatean eragina izango duelako”.

Hau guztiagatik, Oiangurenek lege honen tramitazioa bertan behera uztea exijitzen dio Eusko Legebiltzarrari.