Supermerkatuetako kutxazainek elkarreratzea egin dute Eusko Jaurlaritzak txertaketa-estrategiatik kanpo utzi dituela salatzeko

2021/04/16
ELAko supermerkatuetako kutxazainek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean. Jaurlaritzak erabaki zuen duela bi aste oinarrizko kolektiboentzako txertaketa-protokolo espezifikotik kanpo uztea, eta kolektibo globalaren barruan adinaren araberako txertaketa-dinamikaren baitan txertatuko zirela. Erabaki horren kontra egiteko bildu dira gaur.

ELAk salatu ditu Eusko Jaurlaritzaren 'enegarren norabide-aldaketa' horren funtsa eta moduak txertaketa-protokoloari dagokionez. Kolektibo hori 6. fasean sartzeak supermerkatuetako kutxazainek beren eguneroko lanean jasaten duten etengabeko arriskuari erantzuten zion, eta, bistan denez, egoera hori ez da egun batetik bestera aldatu. Kutxazainek lehen lerroan eta agerian jarraitzen dute.
Moduei dagokienez, sektoreko langileek salatu dute Eusko Jaurlaritzak ez duela bere erabakia publiko egin nahi izan, baizik eta enpresei informazioa telefonoz eman die. Erabakia iluntasunez hartu dela ere salatu dute; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren iturri, dokumentu edo protokolo ofizialek ez dute oraindik irizpide aldaketa hori jasotzen, eta Osalanen ez dago horri buruzko informaziorik.
ELAk nabarmendu du funtsezko sektoreei emandako babesa ez dela erakusten balkoietan eta prentsaurrekoetan. Egunerokotasunean frogatzen da, kolektibo horiek lan-baldintza duinak dituztela bermatuz, lantokiko osasuna eta segurtasuna zainduz eta merezi duten errespetuarekin tratatuz.