Suteen Prebentzio eta Itzaltze eta Salbamendurako Zerbitzuen Legea erretiratzea eskatu du ELAk
Urte bete baino gehiago pasatu da Eusko Jaurlaritzak Suteen prebentzio eta itzaltze eta salbamendurako lege proiektua aurkeztu zuenetik. Hasieratik, ELAtik salatu dugu lege hau ez dela langileokin ezta sindikatuokin negoziatua izan inongo momentuan. Lege honek ez du egunerokoan zerbitzuko langileek dauzkaten arazoei irtenbidea emateko balio eta gainera, lege honek, zerbitzua indartu beharrean ahuldu egiten du. Zerbitzuaren pribatizazioari ez dizkio ateak ixten eta zerbitzua bera eta langileen lan baldintzak argi eta garbi prekarizatzen dituen figura berriak sortzen ditu.
Guzti honegatik, ELAk, beste sindikatu batzuekin eta langileekin batera, hainbat kontzentrazio, manifestazio, legebiltzarrean konparezentziak, sinadura bilketak, etab egin ditu.
Gaur, Bildu, PSE eta PPko talde parlamentarioek, osoko zuzenketak aurkeztu dituzte Eusko Legebiltzarrean. Beraz, argi geeratu da oposizio osoa Lege honen aurka dagoela. Eusko Jaurlaritzak ez dauka beste aukerarik: Lege honen tramitazioarekin ezin du Aurrera egin.
ELAtik, suhiltzaile guztiak zoriondu nahi ditugu mobilizazioetan izandako inplikazioagatik eta izandako partehartzeagatik. Baita eskerrak eman nahi dizkiegu, sinaduraren bitartez edo manifestazioetan parte hartu duten milaka eta milaka euskal herritarrei. Argi geratu da, mobilizazioaren bidez, helburuak lor daitezkeela.
ELAn, apustu garbia daukagu eta Aurrera egingo dugu: Benetan suhiltzaile zerbitzua, herritarron oinarrizko eskubidea da eta zerbitzua benetan indartuko duen Lege baten alde borrokan jarraituko dugu. Zerbitzu publiko indartsu baten alde, 24 ordutan eta lan baldintza duinetan egongo diren langile profesionalekin osatua.