Talde sindikalak Gizarte eta Ekonomia Gaietarako Kontseilu buru Antxon Lafont proposatuko du

2005/01/26

ELA eta LAB sindikatuek Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko Lehendakaritzarako ANTXON LAFONT MENDIZABAL aurkeztea erabaki dute. Proposamenak, beraz, A taldearen babesa du (talde sindikala), oraingoan kargu honetarako hautagaitza aurkeztea dagokion taldea alegia.

Goian aipatutako bi sindikatuok datorren ostiralean ospatuko den bilkuran aurkeztuko dute proposamena. Izendapen formala Lehendakariaren esku dago.

Antxon Lafont Mendizabalen jarduera profesional eta akademikoa oso zabala da, bereziki frantses estatuan: Tolosa, Arles, Paris... Lafont Baionako Industria eta Merkatal Ganbarako zuzendaria izan da, besteak beste. Lurralde antolaketan aditua da eta alor honetako hainbat proiektutan parte hartu du, mugaren bi aldeen arteko elkarlana bultzatuz. Era honetan, Frantziako Kontseilu Erregionalek, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bideraturiko hainbat egitasmoetan parte hartu du.

Bestalde, hainbat ikerketa eta artikulu idatzi ditu, bereziki lurralde antolaketari loturikoak.