LAN OSASUNA
Talleres Aratzeko lan heriotza salatzeko elkarreratzea
Laneko ezbeharrak ez dira ausazko gertakariak, eta ezaugarri komun bat dute: lan merkatuaren prekarizazioa eta prebentzio arauen etengabeko ez-betetzeak. Patronalak ekoizpena eta onura ekonomikoak lehenesten ditu langileen osasunaren eta segurtasunaren aurretik, eta horrek ezinbestean eragin kaltegarria du lan baldintzetan: lan erritmo azkarrak, lan karga handiak, babes neurririk ez eta abar luze bat. Hala ere, ez-betetze horiek ez lirateke posible izango erakunde publikoek jokatzen duten paper pasiborik gabe: beste alde batera begiratzen dute enpresek horrelako praktikak aurrera eramaten dituzten bitartean, eta hori gutxi balitz, inbertsio publikoa hutsaren hurrengoa da prebentzio araudiaren ez-betetzeak kontrolatzeko.
Inoiz baino gehiago, langileen segurtasuna eta osasuna erdigunean jarriko dituzten politikak behar dira. Langile guztiek euren bizitzaren babesa bermatua behar dute, oinarrizko eskubidea den heinean. Horregatik guztiagatik, patronalari eta erakunde publikoei eskatzen diegu, berandu baino lehen, hain beharrezkoak diren erabakiak har ditzatela eta lehentasuna emateko langileen osasunari eta segurtasunari, beste ezeren gainetik.