Talleres Eléctricos Oyaleko langileek grebari amaiera eman diote, % 10etik gorako soldata-igoerekin akordio batera iritsi ondoren

2022/05/17
Soldata eta lan baldintzak hobetzeko bi hilabete inguruko greba mugagabearen ondoren, Talleres Eléctricos Oyal enpresako langileak akordio batera iritsi dira enpresarekin, eta, besteak beste, 2022rako % 10etik gorako soldata-igoerak aurreikusten ditu. ELAk Oyaleko langileak zoriondu ditu, erakutsi baitu zehaztasunez, ikuspegi kolektiboz, indarrez eta grebaren baliabidearengan sinetsita helburuak lor daitezkeela.

2022ko martxoaren 21ean greba mugagabea hasi zuten langileek Talleres Electricos Oyalen, beraien soldata eta lan baldintzak hobetzeko. Asteak greban eman ondoren, lgrebaren amaierako akordio batera iritsi dira, honako eduki nabarmenekin:

  • Indarraldia: urte 1.

  • 2022rako % 10etik gorako soldata igoerak.

  • Kategorien igoera.

  • Kontzeptu guztiak aparteko ordainsarietan ordaintzea.

  • Gaixotasun arruntagatiko bajaren lehen egunetan hobekuntza.

  • 2023ko martxoaren 31ra arteko enplegu-bermea.

Talleres Eléctricos Oyal S.L. Bilboko enpresa bat da, Bizkaiko metalaren sektorekoa, eta galdarak instalatzen eta mantentzen ditu. 9 langile ditu. Plantillaren ordezkari bakarra ELAkoa da.