laneko heriotza

Tejados Aoiz enpresako langile bat hil da altueratik erorita

2025/04/04
2025eko lehen hiru hilabeteetan 12 pertsona hil dira Nafarroan haien lanpostuan, eta heriotzen heren bat enpresariek sahiestu behar zituzten erorikoen ondorioz gertatu da. ELAk patronalaren absentismoaren inguruko diskurtso faltsua arbuiatzen du, eta Elkarrizketa Sozialarekin amaitzeko eta Lan-ikuskaritzaren plantilla hirokoizteko eskatzen dio Nafarroako Gobernuari.

Tejados Aoiz enpresako 55 urteko langile bat hil zen atzo Agoitzeko (Nafarroa) obra batean, 10 metroko altueratik erorita. Lehenik eta behin, ELAk bere babes eta elkartasun osoa adierazi nahi die biktimaren familia eta lankideei, eta gertatutakoaren erantzukizunak argitzeko beharrezkoak diren ikerketak egitea eskatzen du.

ELAren datuen arabera, 2025. urteko lehen hiru hilabeteetan 12 langile hil dira Nafarroan eta gaur egun Lurralde honek du estatuko lan-heriotz tasarik altuena. Bertan, astero pertsona bat hil da aurten lanean edo lanera bidean eta heriotzen heren bat enpresariek sahiestu behar zituzten erorikoen ondorioz gertatu da. Eraikuntzaren sektorean, azpikontratazioa lanen kostu ekonomikoa murrizteko erabiltzen da, eta horren ondorioz sektoreko langileek lan-gainkargak eta segurtasun neurrien gabezia pairatzen dituzte egunerokoan.

ELAren iritziz, egoera honen erantzuleak enpresaburuak eta erakunde publikoak. Datu ofizialen arabera, Nafarroako enpresetan prebentzioa ez da egiten, edo egiten bada, paper hutsean gelditzen da. Hala eta guztiz, patronalak absentismoari buruzko bere diskurtso faltsua elikatzen jarraitzen du, eta Nafarroako Gobernuak uko egiten dio inolako zehapen neurri ezartzeari. Berriz ere, batzuen zigorgabetasuna eta besteen konplizitatea eskutik doaz.

Joan den otsailaren 18an, Gobernu honek Enplegu Plan berria adostu zuen CEN patronala eta UGT eta CCOO sindikatuekin. Plan horren bidez, datozen urteetan miloika euro bideratuko dira erakunde horien jarduera finantzatzera, ezaguna den arren, azken hamarkadetan zehar gisa horretako neurriak erabat ez-eraginkorrak izan direla laneko heriotzen gorakadari aurre egiteko. ELArentzat guztiz onartezina da hori.

Hori dela eta, Elkarrizketa Sozialaren politikekin amaitu eta erabat kolapsatuta dagoen lan Ikuskaritzaren plantilla 45 pertsona arte indartzeko eskatzen du ELAk, Europako bataz-bestekora berdindu, eta Nafarroako enpresa eta lantokietan ematen ari diren segurtasun baldintzak behar bezala kontrolatzeko helburuarekin.