Tele Taxiko langileek Iruñerriko Mankomunitateari eskatu diote bere erantzunkizuna gain har dezala lan gatazka konpontzeko

2022/07/20
Uztailaren 1etik greba mugagabean dauden langileek Tele Taxiko zuzendaritzaren presioak eta grebarako eskubidearen urraketa salatu dituzte

Tele Taxi San Fermín enplegu zentro bereziko langileek hitzarmenaren negoziazioan lortutako akordioa betetzea eskatzen diote enpresako zuzendaritzari. Otsailaren 15eko negoziazio bileran, besteak beste, KPIari lotutako soldata igoera ezartzea erabaki zen, baina enpresako zuzendaritzak ez du hori bete nahi. Horregatik, langileak greba mugagabean daude uztailaren 1etik.

Harrezkero, zuzendaritzak langileei egiten dizkien presioak onartezinak izaten ari dira, bajan dauden langileak mehatxatuz eta San Fermin jaietan grebarako eskubidea urratuz, uztailaren 15ean teleoperadore bat ordezkatuz eta hilaren 11n bere ordenagailutik deiei erantzunez. Lan Ikuskaritzan salatu da hori.

Horregatik guztiagatik, ELAk Iruñerriko Mankomunitateari, zerbitzu hori antolatzeko eta kudeatzeko ardura duenari, exijitu dio gatazka honen konponbidean aktiboki parte hartzeko, Tele Taxi enpresako zuzendaritzak adostutakoa bete dezan. ELAk bilera bat eskatu zuen Mankomunitatearekin gai hau jorratzeko, eta erantzunik ere ez du jaso.

Taxia garraio publikoko zerbitzua da, eta administrazioen ardura da kalitate handieneko zebitzua bermatzea. San Ferminetan 9.000 dei inguru utzi dira jaso gabe, eta kexa kopurua onartezina izan da.

Langileek borrokan jarraituko dute hitzarmenari buruzko akordioa bete dadin, eta ostiralean, uztailaren 22an, 11:00etan Iruñeko udaletxearen aurrean egingo duten elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute.