laneko heriotza

Telefonicaren azpikontrata bateko langile bat hil da 8 metrotik erorita

2024/10/15
Telekomunikazioen sektorean, enpresek azpikontratazio kateak erabiltzen dituzte etekinak handitzeko, prebentzio neurriak paperean gelditzen diren bitartean. Aurrekontuak negoziatzen ari diren alderdi politikoei kontrol neurri zehatzak eskatu dizkie ELAk, tartean inspekzioaren plantilla hirukoiztea.

Joan den irailaren 16an Imirizalcu eraikuntza enpresako langile bat hil zen Irunberrin, aldamiotik erorita. Irailaren 27an garraiolari autonomo bat hil zen errepidean, Lodosan. Urriaren 7 Elaborados Naturales de la Ribera enpresako langile bat hil zen makina batek harrapatuta, Funesen. Eta gaur goizean, Netzero enpresako langile bat hil da poste batetik erorita, Olletan (Leoz). Odoluste honen aurrean, ELAk bere elkartasuna adierazi nahi die hildakoen gertukoei eta lankideei.

Honez gero, 2024. urtean 44 pertsona hil dira haien lanpostuetan Hego Euskal Herrian, horietatik 16 Nafarroan. Lurralde honek ditu ez-behar tasa okerrenak, eta azken boladan markak hausten dihardu. Oinarrizko neurriekin ekidin ahal diren arren, altuerako erorikoak eta harrapaketak dira heriotz hauen arrazoi nagusiak, eta gainera, datu ofizialen arabera, lanean hil edo larri zauritutakoen erdiak segurtasun neurri faltagatik gertatzen dira.

Telefonica-Movistar empresak, urtero milioika euroko irabaziak dituen arren, azpikontratazio kate amaigabeak erabiltzen ditu kostuak murriztu eta etekinak ahalik eta gehien handitzeko. Kasu honetan, Netzero eta Elecnor enpresak ziren kate horren parte. Azpikontratazio mota horretan prebentzioa ez da egiten, edo egiten bada, paperean gelditzen da. Eta hori erakunde publikoen pasibotasunaren aurrean gertatzen ari da, NOPLOI eta Lan ikuskaritza baliabide faltagatik ia kolapsoan daudenean.

Egoera horren atzean patronalaren inpunitatea eta Nafarroako Gobernuaren konplizitatea daudela salatu nahi du ELAk. Enpresek 30 urte daramatzate prebentzio-araudia sistematikoki urratzen, eta Gobernuak uko egiten dio ez-betetze horiek kontrolatzeko beharrezkoak diren ikuskapen-bitartekoak haditzeari, diru publikoa erabat ez-eraginkorra den Elkarrizketa Sozialean xahutzen duen bitartean.

Hori dela eta, ELAk, 2025eko aurrekontuak negoziatzen ari diren alderdi politikoei eskatzen die Prebentzioko Lurralde Ordezkariaren figura ez-eraginkora finantzatzeari utzi, eta Nafarroako lantokietan ematen ari diren ez-betetzeak kontrolatzeko neurri zehatzak ahalbidetu ditzatela, tartean lan-ikuskaritzaren plantilla hirukoiztea.