Doneztebeko haur eskola
Toki Administrazioko Zuzendaritzak Nafarroako Gobernuak berak onartutako soldata igoera aplikatzea galarazten du

Doneztebeko haur eskola udal kudeaketakoa zuzenekoa da, eta 9 emakumek egiten dute lan bertan. Nafarroako administrazioetako gainerako langileek bezala, erosahalmenaren galera izugarria metatu dute, % 20tik gorakoa azken hamarkadan.
2022an 0-3 Plataformak (ELA, Steilas eta LAB sindikatuen parte hatzearekin batera) bultzatutako mobilizazio eta greben ondorioz, Nafarroako Gobernuak udal haur eskolen finantzazio moduluen igoera onartu zuen, bertako lan baldintzak Nafarroako Gobernuko haur eskolen baldintzekin parekatzeko.
Baina Doneztebeko Udalak soldata igoera hori aplikatu nahi izan duenean, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak eragotzi egin dio. Hau da, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak galarazi egiten du Nafarroako Gobernuak berak onartutako eta 2024ko aurrekontuan jasota dagoen igoera aplikatzea.
ELAk inkoherentzia hori salatu, eta dagoeneko onartuta eta aurreikusita dagoen soldata igoera aplikatzea eskatu du, beharrezkoa baita zaintza sektore feminizatu honetako baldintzak hobetzea.