TOLEDOKO ITUNARI EGINDAKO ALDAKETEI BURUZKO BALORAZIOA
Madrilgo Diputatuen Kongresuan, berriztatu egin da Toledoko Ituna. Batzorde batek idatzi duen testu berriak argi uzten du, hitzaurrean bertan, Toledoko Itunaren norabide berean doala, hau da, ez dela aldaketa handirik egingo. Bere garaian, Ituna arbuiatu egin genuen, bai eta bera onartu zenetik pentsioen inguruan egin izan diren erreforma ezberdinak ere.
Oraingoan erantsi zaizkion berritasun nagusienetariko bat, Europako eremuan kokatuta aurkezten dela Toledoko Ituna da, eta, hori aprobetxatuz, Egonkortasun Ituna betetzeko beharra azpimarratzen da behin eta berriro. Bide batez, argi uzten da aurrekontuen multzoan defizit publikorik ez edukitzearen helburuak lehentasuna duela beste edozeinen gainetik, hala nola, gizarte ongizatearen gainetik; hori horrela izanik, pentsio sistemako superabitak gizarte gastuarekin inolako zerikusirik ez duten beste gastu batzuetara zuzentzeraino heltzen da. Betekizun honek berarekin darama Ituna osatzen duten 14 puntuetan aurrekontu-murrizketak. Batez ere, ondorengo hauek aztertzea interesatzen zaigu:
1.Sistemaren izaera kontributiboari buruz.
Puntu honek jasotzen duenez, "sistemaren oreka finantzarioa mantentzeko oinarrizko elementua den aldetik". Horrek argi uzten du zein den testuan islatzen den kontributibitatearen esanahia: pentsio publikoak murriztea, biztanleria zahartzean pentsioen sistema publikoa defizitarioa izan ez dadin.
Horrez gain, "pentsioen eta egindako kotizazio-ahaleginen arteko proportzionaltasun handiagoa lortzen segitzea gomendatzen da, azken urteotan egin denaren ildotik". Hots, asmoa pentsio berriak murriztea da:
a) Pentsioa kalkulatzeko aintzat hartzen den urte kopurua handituz.b) Urte gutxiagotan kotizatu dutenek kobratuko duten zenbatekoa murriztuz.
2.Pentsiodunen erosteko ahalmena bere horretan mantentzea.
Batzordeak "pentsiodunen erosteko ahalmena mantentzea" defendatzen du, "legeak bermatzen duen bezala"; baina, aldi berean, Gizarte Segurantzako Sistemaren aurrekontu-orekaren menpe uzten du pentsiodunen erosteko ahalmena mantentzeko aukera. Hortaz, kontu publikoen emaitzak defizitarioak badira, pentsiodunen erosteko ahalmena murriztu egin ahalko da.
Era berean, "benetako inflazioa aurreikusitakoa baino txikiagoa izateagatik erosteko ahalmenak izan ditzakeen irabaziak pentsioetan izaera iraunkorrez finkatuko direla bermatzen segitu behar dela" dio, "erosteko ahalmenak prezioen portaeraren ondorioz izan ditzakeen hobekuntzak daudenean, beheranzko zuzenketa saihestuz". Horrek esan nahi du pentsioen erosteko ahalmena hobetzeko aukera bakarra benetako inflazioa aurreikusitakoa baino txikiagoa izatea dela, baina hori behin bakarrik gertatu da Espainiako gobernuak inflazioaren inguruko aurreikuspenak egiten dituenetik. Beraz, guztiz ezeztatuta geratzen da pentsiodunen kolektiboaren erosteko ahalmena hobetzeko edozein aukera.
3.Erretiratzeko adina.
Testuan aipatzen denez, "adineko langileek lan-merkatuan denbora luzeagoz jardutearen abantailak eztabaidaezinak dira, oso onuragarria delako bai eurentzat, bai euren ingurukoentzat, bai gizarte osoarentzat; izan ere, horrek, langile horien esperientzia eta ezagutza aprobetxatzeko aukera emateaz gain, eragin positiboa du Pentsioen Sisteman". ELA ez dago ados adineko langileak lan merkatuan denbora luzeagoz egotea onuragarria delako horrekin, langile horiek jasan beharko dituzten ondorio kaltegarriez gain, neurri horrek gazteen enpleguaren kontra jotzen du eta.
4. Enplegura zuzendutako kotizazioak.
Emakumeen enplegura zuzendutako hobariak indartzeari buruz balorazio positiboa egin ondoren, "langile nagusienentzako laguntza areagotzea komeni dela" aipatzen du testuak, "aurretiaz jubilatzeko aukera mugatuz eta lan-bizitza goizegi uzteagatiko pizgarriak kenduz, hori dena lan-bizitza "langileen borondatez" erretiratzeko adinetik harago luzatzea lortzeari begira". Emakumeen kolektiboarentzako (eta gainerako kolektiboentzako) hobariei dagokienez, ELAk zalantzan jartzen du horrelako neurriek enpleguaren bolumenean izan dezaketen eraginkortasuna. Era berean, ELAk erabat arbuiatzen du, langileen lan-bizitza erretirorako adinetik harago luzatzea, eta baita berau lortzeko, fondo publikoak erabiltzea ere. Halaber, aurretiazko jubilazioak mugatzen segitzearen kontra dago.
5.Finantzaketa-iturriak bereiztea eta argitzea.
Batzordeak azpimarratzen duen arabera, kotizazio gabeko prestazioak Estatuaren Aurrekontu Orokorren bidez ordaindu behar dira, eta kotizaziopekoak, funtsean, gizarte-kotizazioekin ordainduko dira.
Kotizaziopeko pentsioak gizarte-kotizazioen bidez finantzatzen badira, logikoa litzateke kotizazio horiek sorrarazten dituzten superabitak Erreserba Fondoa zuzkitzeko erabiltzea, pentsio publikoen inguruan etorkizunean sortuko bide den arazoa zuzentzen laguntzeko. Gizarte-kotizazioak, ordea, kotizaziopeko prestazioak ordaintzeko ez ezik, aurrekontu-oreka lortzeko ere erabiltzen dira, adibidez, nahiz eta hori guztiz onartezina izan.
Gainera, iturriak bereizteko gomendio hori bere garaian ere onartu zen jadanik, baina orain arte ez da bete; beraz, bidezkoa da oraingoan beteko ote den duda egitea.
6.Erreserba Fondoa.
Testuak ez du argi adierazten gizarte-kotizazioen superabita Erreserba Fondora bideratuko denik, neurri hori egoera ekonomikoarekin lotzeaz gain, "batez ere" eta interpretazio ezberdina egiteko aukera ematen duten antzeko berbak erabiltzen direlako.
7. Sistema osagarriak.
Batzordeak egiaztatzen duenez "Espainiako aurreikuspen osagarriaren garapen maila askieza da, eta indartzen segitu behar da". Era berean, "negoziazio kolektiboa enpresen aurreikuspena handiagotzeko bide estrategikotzat" hartzen du.
Gizarte Segurantzako pentsio sistema publikoa da pentsiodunen kolektiboaren duintasuna sustatu beharko lukeena, eta indartu eta bermatu beharko litzatekeena. Beraz, pentsio sistema osagarriak sistema publikoaren osagarria baino ez luke izan beharko, kasua balitz.
Edonola ere, pentsio osagarri horien kudeaketa publikoa izan liteke, baina hori planteatu ere ez da egiten.
Pentsio osagarri indibidualei eta negoziazio kolektibokoei dagokienez, azken horiek tratamendu fiskal hobea eduki beharko lukete (baina inola ere ez pentsio publikoena baino hobea). Negoziazio kolektiboaren bidez, etorkizunerako sarrera berdinagoak eta kolektibo zabalago batentzat ematen dira, eta, gainera, horrela, sarrera publikoak gutxiago murrizten dira.
8. Modernizazioa eta herritarrentzako informazioa.
Batzordeak "oso garrantzitsua deritzo herritarrek beren gizarte-babeserako sistemak epe luzera erakusten dituen aukerei buruzko informazio ulergarria eta fidagarria eskuratu ahal izateari"... Hala ere, testuan, pentsio sistema publikoaren jasangarritasunari buruz mintzatzean, biztanleriaren zahartzea baino ez da aintzat hartzen, alderdi horren eragina indargabetu ahalko luketen beste faktore batzuk (aberastasunaren bilakaera, enplegua, soldatak,...) kontuan hartu gabe.
1. Lan-era berriak eta lanbide-garapena.
2. Emakumea eta gizarte-babesa.
3. Menpetasuna.
4. Minusbaliotasuna.
5. Inmigrazioa.
Itunak etorkizunean pentsioei buruzko lege berria izango dena biltzen du, baina Estatuko hauteskunde orokorren osterako uzten da lege hori. PP eta PSOE alderdi politikoen artean eratutako akordio horrekin EAJk eta beste batzuek ere egin dute bat. IU eta EA, berriz, abstenitu egin dira testuari dagokionez.
Ituna ideologien gainetik dagoela pentsarazi nahi da. Baina benetako errealitatea hauxe da: azken urteetako politika publikoetan nagusi den ideologia neoliberalaren barruan dago. Aurkeztu den testu horrek ez dakarkio aldaketa handirik Toledoko Itunaren hasierako testuari, eta ELAk pentsioen inguruan arbuiatu izan dituen azken erreformen bidetik jarraitzea suposatzen du. Zehazki:
-Pentsio berrien zenbatekoa murriztea dakar, pentsioa kalkulatzeko, kontuan hartu behar den urte kopurua handitzea eta urte gutxiagoz kotizatu duten pertsonek kobratuko duten zenbatekoa murriztea proposatzen duelako.-Aurretiazko jubilazioen kontra jotzen du.
-Langileen lan-bizitza luzatzea planteatzen du, horrek gazteen enpleguaren egoeran eragin kaltegarria duen arren.
-Testuak islatzen duen filosofiaren funtsezkoena defizitaren kontrola da. Horregatik, pentsioen sistema publikoan sortutako superabitak kontu publikoetako defizita murrizteko erabiltzen dira. Horrez gain, kontu publikoen orekak erabateko lehentasuna du, bizimodu duina egin ahal izateko behar diren eskubideen gainetik.
Era berean, zerbait esan nahi dugu CCOOk eta UGTk erakutsitako jarrerari buruz. Bi sindikatu horiek Toledoko Itunaren alde eta, horren ostean, pentsioen sistemari egin zitzaion lehenengo erreformaren alde azaldu ziren bere garaian. Hurrengo erreforma PPk, CEOEk eta CCOOk onartu zuten. Oraingo Itunari dagokionez, bai UGTk bai CCOOk (batez ere azken horrek) aldeko jarrera erakutsi dute. Gure iritziz, jarrera hori gizarte-eskubideen murrizketa dakarren politikaranzko beste urrats bat da, eta agerian uzten du sindikatu horiena politika neoliberalei eskuzabaltasunez laguntzen dien eredu sindikala dela.
Azkenik, gogorarazi behar dugu, ELA eskatzen datorrena: euskal erakundeek legegintza ahalmena eduki beharko luketela gizarte politiketan (pentsioak barne). Hau horrela ez den bitartean, euskal biztanleriaren bizi baldintzetan eragina duten oinarrizko erabakiak espainiar Estatuan erabakitzen jarraituko dira. Premiazkoa da, beraz, gizarte eta lan arloan eskuduntza guztiak barneratzen dituen prozesu soberanista batetan aurrerantz joatea.