Tontxu Camposek ez die sekotoreko arazoei aurre egiten

2007/09/19
ELA-Gizalanek salatzen duenez ikasturtearen hasieran sortu diren arazoak direla eta Tontxu Camposek egin dituen adierazpenek argi asko erakutsi dute EAEko Hezkuntza Sailburua askoz trebeagoa dela daukan erantzukizuna saihesten hezkuntzak dauzkan arazo eta erronkei aurre egiten baino.

Adierazpen horietan nahiko nabarmena izan da Sailburua saiatu dela irakasleak oro har erruduntzat jotzen suertatu diren arazoetan. Era horretan bestelako helburua lortu nahi izan du: Hezkuntza Sailaren beraren gabeziak estaltzea, nahiz eta horretarako plazak esleitzeko araudiaz daukan ez jakintasuna ere agerian geratu den.

Ez da egia irakasle ordezkoek uko egin diezaieketenik euren etxetik 50 km. baino gehiagora sortzen diren lanpostu hutsei. Halakorik eginez gero, zerrendetatik jausiko lirateke. Hortaz, milaka dira aipatutakoa baino ibilbide luzeagoak egin behar dituzten irakasleak. Etxetik 50 kilometrora baino urrutirago eskainitako lanpostua lanaldi murriztukoa bada, kasu horretan bakarrik, egin diezaioke uko interesatuak. Azalpenik behar ez dituen arrazoiengatik, jakina.

Bestalde, Hezkuntza Sailburuak berak esatea iraupen laburreko ordezkapenak ez betetzea sindikatuekin egindako akordio baten ondorio dela sarkasmo hutsa da. Euskal Autonomi Erkidegoaren historian Tontxu Campos izan da lehendabiziko Hezkuntza Sailburua ez duena lortu akordio bat irakasle gehienak ordezkatzen dituztenekin. Eta esan beharra dago ordezkari hauek urteak daramatzatela ordezkapenak lehenengo egunetik bete behar direla aldarrikatuz. Arlo honetan, Hezkuntza Sailburuak azaldu duen asmoa, ikastetxeek beraiek kudea ditzaten iraupen laburreko ordezkapenak (horretarako behar diren baliabideak ugaldu ordez) ikastetxeetako zuzendaritzei egiten zaien opari pozoitsua izan daiteke.

Egin dituen adierazpenetan, ordea, bada Hezkuntza Sailburuak aipatu gabe utzi duenik: ekitaldi publikoan lanpostu bat esleitu eta gero, ikastetxera joan direnean lanpostua existitzen ez zela ikusi dutenean irakasle ordezko askori sortu zaizkion arazoak. Kasu hauetan guztietan gauza izango al da Hezkuntza Saila daukan erantzukizunari aurre egin eta eragin dituen kalte guztiak bere gain hartzeko?