GURASO BAKARREKO FAMILIAK

Tramitera onartuta ELAk estatu espainiarrean jasaten duten diskriminazioari buruz egindako erreklamazioa

2025/07/16
Espainiako Gobernuak ukatu egin zuen diskriminazioa eta ELAren legitimazioa zuenik hori erreklamatu ahal izateko.

2024ko martxoaren 12an, ELAk erreklamazio kolektibo bat aurkeztu zion Gizarte Eskubideen Europako Batzordeari, ez zelako aski guraso bakarreko familietan haurra jaiotzeko eta zaintzeko baimena. Erreklamazioa aurkeztu zenean, Espainiako Estatuan guraso bakarreko familiek 16 asteko baimena zuten, eta bi gurasoko familiek, berriz, 32 astekoa. ELAk adingabearentzako diskriminazioa alegatu zuen; izan ere, bere zuzeneko senidearen zaintza denbora mugatzen zen Gizarte Segurantzaren babes ekonomikoarekin, eta, era berean, gurasoa diskriminatzen zuen, aukeratu behar zuelako diru-sarrerarik gabe zaintzearen edo gastu ekonomiko gehigarria dakarren bestelako zaintzaren artean. Erreklamazio hori ELAk jarri zuen, Asociación de Madres Solteras por Elección- ekin (MSPE) lankidetzan.

Erreklamazioa jarri zenetik, Espainiako Estatuan guraso bakarreko familien baimena aldatu egin da; izan ere, salaketa eta kontrako epai askoren ondoren, 2024aren amaieran Konstituzio Auzitegiak baimena 26 astera luzatu zuen. ELAk une horretan adierazi zuen bezala, ez da aski guraso bakarreko baimena luzatzea; diskriminatzailea izaten jarraitzen du, ez baitu berdintzen egunerokoan arrakala jasaten duten guraso bakarreko familien babes egoera.

Eskubide Sozialen Europako Batzordeak onartu du ELAk jarritako erreklamazioa, eta sindikatuak arrazoitutako urraketak aztertuko ditu. Era berean, ukatu du Espainiako Estatuak ELAren ordezkaritzarik ez duela adierazi izana, eta sindikatuari aitortu dio legitimazio nahikoa duela salatzeko estatuko legediak Europako Gutun Soziala urratzen duela .

ELAk uste du urrats garrantzitsua dela Espainiako Estatuan guraso bakarreko familien diskriminazio egoera aitortzeko borrokan, eta horren alde lanean jarraituko du.