Transfusio eta giza ehunen Euskal Zentroko kolektiboaren mobilizazioak jasaten duten soldata-diskriminazioaren aurka

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko (TGEEZ) langileek Galdakao-Usansoloko ospitalean lan egiten duten langileekiko jasaten duten soldata-diskriminazioaren aurka mobilizatzen jarraitzen dute. Orain arte egindako mobilizazioek Osakidetza mugiarazi badute ere, egia esan, apirilaren 29an Mahai Sektorialaren gainean jarritako proposamenak ez ditu betetzen langileen aldarrikapenak, eta betikotu egiten du TGEEZko langileen kolektiboaren diskriminazioa. Hori dela eta, zentro horretako langileek elkarretaratzea egingo dute astelehen honetan, maiatzaren 17an, 17: 30ean, Bilboko Plaza Biribilean. Era berean beste mobilizazio bat egingo dute maiatzaren 27an Galdakao-Usansoloko Ospitalean bertan.
SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT, UTESE eta ESK sindikatuek uste dute Osakidetzak 2021erako % 2ko osagarria aitortzeak ez duela esan nahi soldatak parekatzen direnik ospitalean baldintza berberetan lan egiten duten gainerako langileekin. Sindikatu horiek % 4ko osagarria aldarrikatzen dute atzeraeraginezko ondorioekin, kolektibo horrek jasaten duen diskriminazioa berehala ezabatuz.
Maiatzaren 28an Mahai Sektoriala deitu da, eta langileen ordezkariek uste dute mobilizazioak Osakidetzaren jarrera aldatzea bultzatuko duela eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileen lan-baldintzak parekatuko dituela.