Transportes y Grúas Lomaxeko plantillaren %80ak egin du bat ELAk gaurko deitutako grebarekin

Barakaldoko (Bizkaia) enpresako zuzendaritzak uko egin dio 2023ko egutegia eta ordutegia negoziatzeari, nahiz eta uztailetik daramatzaten langileek dialogoa eskatzen. Enpresak berak emandako datuen arabera, 2019 eta 2021 artean, %3,5 handitu zuen fakturazioa, baina soldatetan egindako inbertsioa %14 jaitsi zuen. Abenduaren 21ean egin zuten lehen greba eguna, eta hilaren 28 eta 29rako ere deitu du greba sindikatuak.
Hurrengoak dira langileen eskaerak: Urtean 1.724 ordu, Bizkaiko Hitzarmenak jasotzen duen bezala; 8:00etatik 17:45era arteko lan eguna; astean, gehienez, bi aldiz lan egitea lanalditik kanpo; aldi baterako laneko enpresek langile bat kontratatzean, hiru hilabetera enpresako langile bihurtzea; eta araudia eta akordioak betetzen ez direnetan, langileek egun libre bat jasotzea kalte ordain gisa.