ekonomiaren trantsizio ekosoziala

Trantsizio ekologikoa bideratzeko proposamenak jasotzen dituen liburuxka argitaratu du ELAk

2023/02/16
Hego Euskal Herriko ekonomiaren transizio ekosozialerako bide-orrirako proposamen bat liburuxka osatu dute Adrian Almazán eta Luis Gonzalez Reyes gai horretan aditu diren Ekologistak Martxan taldeko kideak. Trantsizio ekosozialerako hainbat proposamen papereratu dituzte, eta ELAk liburuxka gisa argitaratu.

Egileek lan honetan egin duten diagnostikoaren arabera, Hego Euskal Herriko ekonomiaren funtzionamendua larriki zaurituta dago, kanpoko erregai fosilak eta mineralak transformatu eta berriz ere bere mugetatik kanpo esportatzera bideratua baitago. Sortzen dituen inpaktu ekologiko larriengatik jasanezina izateaz gain, energia eta material kontsumo handiengatik ezinezkoa izango da eredu hori etorkizunean mantentzea. Gainera, garraioaren eta munduko merkatu globalaren menpekotasun handia du.

Egungo ekonomiaren funtzionamenduarekin aurrera egiteko mugak daude, gainera. Planetaren mugak, alde batetik. EAEko eta Nafarroako ekonomian erabilitako material gehienak ez dira berriztagarriak edota birziklagarriak, eta material estrategiko batzuk eskuratzea gero eta zailagoa da. Bestalde, kontsumitutako energia gehiena fosila da (EAEn %90,8 eta Nafarroan %77).

Gas, petrolio eta ikatzaren erauzketaren goia jota edo jotzear den honetan, ongi bideratutako trantsizio energetikoa beharrezkoa da. Baina energia berriztagarriek ere mugak dituzte. Beraien ezaugarriengatik ezin dituzte energia fosilak ordezkatu. Energia berriztagarria oso sakabanatuta dago, ezin da energia fosila bezala biltegiratu eta berriztagarri askok elektrizitatea sortzen dute; baina beharrak elektrizitatetik harago doaz.

Energia eta materialen murrizteak lanpostu asko suntsitzea ekarriko luke bidezko trantsiziorik gabe, kontsumo handiena duten sektoreak enplegu asko sortzen baitituzte: balio erantsi handiko salgaiak ekoizten dituztenak, automobil fabrikak, altzairugintza, elikagaien industria, edo logistikari lotutako sektoreak, esaterako.

Hego Euskal Herriko ekonomia aldatu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko, hona hemen proposamenak, liburuaren ondorio ere badirenak:

  • Materialen eta energiaren kontsumoa murriztea, muga ekologikoen barruan egon arte eta justizia globaleko irizpideei jarraituz.

  • Energiaren sektorea sakonean berrantolatu eta publifikatu.

  • Ekonomia birkokatzeko industriaren ekoizpen eredua eraldatu eta dibertsifikatu behar da. Material eta energia berriztagarrietan oinarritu behar da industria eta ez esportazioan.

  • Garraioan eraldaketa handia eman behar da, ez da nahikoa izango elektrifikazioa. Merkantzien mugikortasuna murriztu eta pertsonen mugikortasuna garraio publiko eta kolektiboan oinarritu behar da.

  • Ekonomia berrantolatu behar da, erdigunean zaintza, bizitza sostengatzea eta oso feminizatuta dauden zaintza lanen banaketa jarriz. Ezinbestekoak izango dira, baita ere, aberastasunaren banaketa eta enplegua banatzeko lanaldia murriztea.

Eraldaketa gizarteak ahalik eta gutxien sufrituta antolatu, eta aldi berean, gizarte justuago, demokratikoago eta jasangarriagorantz aurrera egin behar da. Lan eskubideak eta bizitzarekin bateragarriak diren jarduera ekonomikoak biltzen dituzten trantsizioak bultzatu behar dira.

Dokumentu osoa