TRANTSIZIO EKOSOZIALA
Trantsizio ekosozialerantz daraman bidean ELAk hitzarmenen negoziaziora bost aldarri eramango ditu
ELA-REN PROPOSAMENA TRANTSIZIO EKOSOZIAL JUSTURAKO
Gasteizko Zabalgana gizarte etxean egiten ari diren batzarretan erabaki den lehen urrats praktikoa izan da bost aldarri zehatz definitzea, eta negoziazio kolektiboko aldarri tauletan txertatuko dira ELAk ordezkaritza duen eremuetan.
Aldarriak honako hauek dira:
- Enpresei informazioa eskatu: berotegi efektuko gas emisioei buruzko azken 5 urteetako datuak; hondakin motak, zenbatekoa eta zer nolako tratamendua eman zaien; energia fosil, energia berriztagarri eta uraren kontsumoa, eta azkenik, Ingurumen baimen integratua, baita honen betetze mailari buruzko urteroko txostenak ere.
- Hobekuntza planak galdegin emisioei, hondakinei, energia fosilen eta berriztagarrien nahiz uraren kontsumoari dagokienez, hartara enpresen planak baloratu eta asmo handiagoko helburuak exijitzeko.
- Enpresa, industrialde edota eskualde mailako mugikortasun planak exijitu, garraio kolektiboa erabil dadin, joan-etorriak gutxitu eta kostua enpresek beren gain har dezaten (edo administrazioek, garraio publikoa gehituz gero).
- Erosketa politika “berdea” eta tokikoa galdegin.
- Elikadura burujabetza exijitu lantokietako jangeletan.
Gainera, erabilera bakarreko ontziak kendu behar dira eta hondakinen %100aren bilketa bereizia egin. Enpresek eta udalek bilketa selektiboa erraztu behar dute, horretarako edukiontzi gertu kokatuz.
Mitxel Lakuntzak ohartarazi duenez, “helburu horietara iristeko politika publiko konkretuak, inbertsioak eta erreforma estrukturalak behar dira, baina orain arteko aurrekontuak eta erabaki politikak aztertuz gero, gero argi dago Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuakez daukatela planik”. Areago, “hartzen dituzten erabaki batzuek bidezko trantsizio ekosozialaren kontrakoa eragiten dute”. Esaterako, Lakuntzak aipatu dituen ekonomiaren berlokalizazioa (“horretan ez da aurrerapausorik eman”) edota energia berriztagarriak: “Ez dago borondaterik energia publikoko sistemak sustatzeko”. EAEn onartu zen Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legeari buruz, ELAko idazkari nagusiak esan du ez daukala “helburu argirik, helburu konkreturik edota emisioak murrizteko mekanismo zehatzik”.
Enplegu gehiago eta hobea
Krisi ekologikoak ekoizpen, mugikortasun eta kontsumo ereduaren aldaketa eragingo du, eta ELAk aldarrikatzen du eredu berri horretan lehenetsi behar direla langileriaren eta gehiengo sozialen interesak.
Sektoreen arabera inpaktua desberdina izango da: batzuek ez dira onargarriak (esaterako, arma-industria edo espekulazioa) eta desagertu egin behar dira; beste batzuek baztertu beharrekoak dira (energia fosilen ekoizpena); sektore batzuen etorkizuna uzkurtzea edo eraldatzea izango da (automozioa, siderurgia…). Dena den, bidezko trantsizio ekosozial bat ezin da egin langileak alde batera utzita. Horiei irtenbide justu bat zor zaie: enpresaren jarduera eraldatu, birkokatu, diru sarrera duinak bermatu...
Bestalde, jakina da sektore batzuetan enplegua sortzeko potentziala handia dela: energia berriztagarriak, eraikinen zaharberritzea, agroekologia, arrantza eta basoen ustiapen iraunkorra, garraio publikoaren garapena, materialen erabileraren eta hondakinen murrizketa, ondasunen berrerabilpena, hondakinen kudeaketa egokia…
ELAk duela zenbait hilabete plazaratu zuen trantsizio ekosozialerako bere proposamen orokorra; orduan esan genuen euskal ekonomiak energia fosilarekiko menpekotasun handia duela, baita inportatutako materialekiko ere, horien kopuru izugarriak behar baititu. Hori zela eta, hainbat neurri proposatu zituen sindikatuak: materialen eta energiaren kontsumoa gutxitzea, mundu mailako justizia aintzat hartuz; energia sektorea publifikatzea, energia berriztagarriak garatuz eta energia fosilen ekoizpena geldiaraziz; ekonomia berlokalizatzea; garraio sistema eraldatzea (elektrifikatzea ez baita nahikoa izango); salgai eta pertsonen joan-etorriak gutxitzea, oinarritzat garraio publiko kolektiboa hartuz; elikadura burujabetza, agroekologia eta basogintza iraunkorra garatzea; ekonomia berrantolatzea, erdigunean zaintza kokatuz, eta zaintza lan feminizatuak banatzea; aberastasunaren banaketa eta soldata jaitsierarik gabeko lanaldi murrizketa (35 orduko astea, 32koaren bitarteko urrats gisa), eta oinarrizko zerbitzuen desmerkantilizazioa.