Troquenor enpresaren etorkizuna mahai gainean izango da ostegunean

2013/07/09
Datorren ostegunean egin behar da Lakuan hiru alderditako bilera bat, Troquelería del Norteko Enpresa Batzordearen, Eusko Jaurlaritzaren Industria Saileko arduradunaren, eta konkurtso-administratzailearen artean.

Bilera hori funtsezkoa da. ELA, LAB eta UGT sindikatuek proposatu zuten, Sondikako lantegiaren etorkizuna oraingo plantillaren enpleguari lotzeko asmoz.

Konkurtsoaren hasieratik sektore bereko euskal enpresa handiek, esaterako GESTAMPek, TROQUENORko makinerian erakutsi duten interesa nabarmena izan da, batez ere, prentsa-linean.

Hori horrela, sindikatuek ezinbesteko bi baldintza jarri dituzte:

Alde batetik, konkurtso-administratzaileari lankidetza eskatzea, kitapen-plan bat taxutzerakoan, non makineriaren eta plantillaren etorkizuna lotzeko baldintzari garrantzi handiagoa emango zaion, eta eragotziko den beste enpresa batek makineria eskuratu ahal izatea, langileekin inolako ardurarik hartu nahi izan gabe.

Beste alde batetik, beharrezkoa izango da Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren zuzeneko inplikazioa, aipaturiko baldintzari herri-erakundeen estaldura emateko; horrela bakarrik bermatu ahal izango baita oraingo lanpostuen geroa.

Sindikatuek beti azpimarratu dute irtenbide horren egokitasuna, eta ez dute etsi funtsezko bilera hori lortu arte. Orain itxaropentsu daude bileraren emaitzari begira, aurreko bileran Industria Saileko arduradunak bere egin baitzuen sindikatuen proposamena. Dena dela, konkurtso-administrazioaren iritzia konpainiaren aktiboak berehala kitatzearen aldekoa izan da beti, eta kontratuak amaitutzat jotzearen aldekoa, ohiko itxiera bat bailitzan; eragiketa horren atzean industria-proiektu bat baino gehiago dagoela alde batera utziz.

Osteguneko bileran ikusi ahal izango dugu zenbaterainokoa den Eusko Jaurlaritzaren benetako inplikazioa TROQUENORko lanpostuen eta lantegiko bideragarritasunaren etorkizunarekin.