Zestoako TS Fundiciones-eko zuzendaritzak ez du aurkeztu gerorako proiekturik

2013/11/15
Zestoako TS Fundiciones-eko zuzendaritzak ez du aurkeztu gerorako proiekturik
Lan batzordeak salatu duenez bideragarritasun-planaren zehaztapen bakarrak plantillari dagozkionak dira: kaleratzeak, soldata-jaitsierak, eta lanaldia luzatzea (gerora kaleratze gehiago ekarriko diguna).

2012ko martxoan oraingo zuzendaritzak lau haizeetara iragarri zuen enpresako akziodunak bildu zirela enpresa berrabiaratzeko, lehengo zuzendaritza kendu eta gero; eta administratzaile bakarra Joaquín Vélez izango zela. Zuzendaritza berriaren arabera helburua hauxe zen: “konpainiaren kudeaketa hobetzea, eta baita bultzada berri bat ematea ere, lehiakorragoa eta errentagarriagoa izan dadin, eta horrela geroko bideragarritasuna eta oraingo 230 langileen enplegua bermatuago gera dadin”.

Bada, azken 20 hilabete hauetako kudeaketa honelakoa izan da: bulego teknikoko %90 kendu, Zestoako planta itxi (ondorioz Arroako planta buxatu eta kolapsatu da), 23 langileren kontratuak bukatutzat jo, gainerako langileen %33ak EEE batean sartu, langileen kidego bati soldatak jaitsi, merkatu berriak bilatu ez, eta beraz erreferentzia berririk ekarri ez, eta lana haien galdategietara desbideratu.

Azaroaren 7tik TS Fundiciones aurre-konkurtso egoeran dago, hala erabaki baitute oraingo kudeatzaileek. Zuzendaritzak, azaroaren 12an, “bideragarritasun plan" bat aurkeztu zigun, honelako neurriak jasotzen zituena: 50 lankide kaleratzea, soldatak %25 jaistea, lanaldia 100 orduz luzatzea, malgutasuna handiagotzea...

Zoritxarrez, proposamen ikaragarri horrekin batera ez digute plan industrialik aurkeztu. Ez digute aurkeztu gerorako proiekturik gure enpresarako. Kudeatzaile berriak etorri direnetik bezeroak galdu ditugu, eta enpresa modu izugarri txarrean eraman da.

Enpresa-batzordearen ustez TS enpresak badu gerorik, baldin eta zuzendaritza aditua eta jantzia lortzen badu, enpresa aurrera ateratzeko gauza den zuzendaritza bat, inor kaleratu gabe eta lan-baldintzak hondatu gabe.

Batzorde honek azpimarratu nahi du enpresa honetakoa ez dela aparteko kasu bat. Aurkeztu diguten bideragarritasun-planaren zehaztapen bakarrak plantillari dagozkionak dira: kaleratzeak, soldata-jaitsierak, eta lanaldia luzatzea (gerora kaleratze gehiago ekarriko diguna).

Bideragarritasun-plana” onartu ezean, likidazioarekin mehatxatu dute. Langabeziaren beldurraz baliatu dira, hemen ere, diziplina ezartzeko. Are gehiago, bake sozialeko giroa eskatzen dute familia ugari langabeziara eta pobreziara lasaiago bidali ahal izateko.

Beldur gara oraingo Zuzendaritzak TS Fundiciones ixtea erabakita daukan, eta horren errua plantillari leporatu nahi dioten. Nahiz eta plantilla guztiz ohituta egon enpresaren orainaren eta geroaren alde lan egiten. Gogoan izan eraman handiko plantilla dela, 330 langile izatetik oraingo 150 langile izatera aldatu dela, etendura- eta amaiera-EEE ugari jasan behar izan dituela, 4 urtez soldatak jaisten, eta mehatxuak eta xantaiak pairatzen eman dituela, itundutako azken hitzarmena erregistratu gabe eta bete gabe utzi zutela, eta abar. Eta orain bideragarritasun-plan hori aurkeztu digute, maltzurkeriaz pentsatua eta arretaz aholkatua.

Eta horren guztiaren erdian akziodunen borroka bat, beste inon parerik ez duena, non bi familia lehiatzen baitira botereagatik. Barkatu ezinezko lehiatze horrek gu amildegi aurrera eraman gaitu.

Beste behin ere, enpresa-batzorde honek bere konpromisoa berresten du TSren geroarekin; baina akordioak eta eskubideak errespetatuz eta plantillari eutsiz. Horretarako, ezinbestekoak dira borroka eta mobilizazioa.

Bestalde, dei egiten diegu eskudun erakundeei industria-plan bat lehenbailehen taxutu dezaten, Euskal Herri osoko eta zehazki Urolako bailarako enpleguaren eta industria-sarearen suntsipena geldiarazteko helburu duen plana.

Kudeaketa ezin okerrago baten ondorioz datorkigu orain bideragarritasun-plan hau, maltzurkeriaz prestatutakoa.