TTIP eta CETA bertan behera uzteko bidean!

Filtratutako agiriek frogatzen dute negoziazio hauen helburu nagusia gure gizarte eta lan eskubideak, gure ingurumena, gure osasuna, gure nekazaritza, etab. babesten dituzten araudiak ezabatu edota ahalik eta gehien murriztea dela, negozioa egin nahi dutenentzat "oztopo" diren neurrian.
Filtrazio berri honen aurrean, Europar Batzordeak behin eta berriro erabiltzen duen mantra errepikatu du, alegia, lasai egoteko, ez dituztela gu babesten gaituzten arauak gutxituko. Gardentasunaz hitz egiten duten bitartean, isilean eta sekretupean gehiengoaren interesen kontra negoziatzen jarraitzen dute, korporazio handien lobby boteretsuen esanetara.
Zenbat eta gehiago jakin negoziazio sekretu hauetaz, are argiago gelditzen da bertan behera utzi behar direla.
Zorionez, gero eta jende gehiagok ezagutzen du TTIP, baita zein arrisku dituen ere. Eztabaida publikoa zabaldu ahala, bere kontrako posizioa eta mobilizazioa handitzen eta indartzen doa, Atlantikoaren bi aldetan. TTIPa geldi arazteko bidean gaude!
Baina ezin gara TTIPa gelditzearekin konformatu. Joan den urtean, gu TTIParen kontra mobilizatzen ginen bitartean, ISDSren inguruko kontsulta publikoa erantzuten genuen bitartean... Europar Batzordeak, isilean eta sekretupean, antzeko edukia duen CETA ituna adostu zuen Kanadarekin. Honek TTIPen salatzen ditugun arrisku berdinak ditu, eta "de facto" Estatu Batuetako multinazionalei TTIPak emango lizkieten eskubide berberak emango dizkie, Kanadan sukurtsal bat irekitzearekin nahikoa izango baitute CETAk emandako pribilegio guztiak baliatu ahal izateko.
Horregatik da hain garrantzitsua TTIParekin batera, CETA ere bertan behera uztea.
Ez ditugu nahi, ez TTIP eta ezta CETA ere! Biak bertan behera uztea eskatzen dugu!!!