Tubacex: epaiek agerian utzi dute zuzendaritzaren iruzurra

2021/07/07
ELAk proposatu zuen periziala, sindikatuen aldetik proposatutako bakarra, erabakigarria gertatu da zuzendaritzak egin nahi zituen kaleratzeak indargabetzen dituzten epaiak lortzeko. Orain enpresak bost eguneko epea du 129 langileak berronartzeko. Hala egingo ez balu ELAk greban jarraitzeko aukera aztertuko du.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren (JAN) epaiek, zeintzuk Tubacexeko 129 langileren kaleratzea indargabetu duten, agerian utzi dute enpresak iruzur egin zuela; hala diote epaiek:

“enpresak ekarritako kontabilitate-datuek ez dute benetan islatzen enpresaren egoera ekonomikoa (...) kontua da egoera negatiboaren fikziozko areagotze bat gertatzen dela, zeina ezin den aintzat hartu enpresak 2020ko ekitaldian zuen egoera ekonomikoa behar bezala egiaztatzeko”.

“Balizko etorkizuneko galerak, epe ertain zein luzean, aipatu izanak ere ez du aukera ematen kaleratzea justifikatutzat jotzeko. Arlo honetan hipotesi hutsen aurrean gaude, zeintzuk ez diren inola ere behar besteko argudio eta froga sendoekin azaldu”.

Epaiek finean diotena da Tubacexek galerak puztu egin dituela kaleratzeak egiteko; hau oso larria da, eta oso zorrotz aztertuko dugu, erabakitzeko ea enpresak beste nolabaiteko erantzukizunik ez ote duen.

Horrenbestez, egindako perizialak gezurtatu egiten ditu enpresaren argudio guztiak eta frogatzen du ez dagoela zergati ekonomiko, produktibo zein organizatiborik; epaietan hau berariaz esaten da.

Tubacexen helburua oso argia izan da: krisi sanitarioak eragindako egoeraz baliatzea langileen baldintzak prekaritzatzeko. Tamalez, jokabide hau ez da bakana, ohikoa baizik, batik bat Covid aurreko garaian poltsikoak bete dituzten enpresa handien aldetik.

Tubacexeko langileei zorionak, izan ere, otsailaren 11tik hona greban daude, eta honek noski pisu handia izan du orain argitaratu diren epaiak iristeko. Enpresak orain bost eguneko epean 129 langileak berronartu behar ditu. Epaiak berehala bete daitezela galdegiten dugu; hau diote:

“Demandatutako enpresa zigortzen du eragindako langileak berronartzera bere enpresako lan efektiboan, kaleratze kolektiboaren aurretik ziharduten baldintza berberetan”. Enpresak halakorik egiten ez badu ELAk aztertu egingo du greban jarraitzeko aukera.

Gaur inoiz baino areago enpresei txeke zuria ematen dieten lan erreformak indargabetu behar dira, kaleratzeak errazten baitituzte. Erreforma horiek arbuiatu zituzten alderdi politikoei dei egiten diegu hitzetatik egintzetara pasa daitezen.